Iurretako aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasea hasi dute, gaur. Lehen fase batean herritarrek euren proposamenak egiteko aukera izan dute, eta, guztira 302 ekarpen batu ditu udalak. Martxoan zehar jasotako ekarpen horien guztien azterketa teknikoa egin ondoren, zazpi proiektu igaro dira hurrengo fasera.
Orain, interes handieneko 3 proiektu lehenetsi ahal izango dituzte iurretarrek, eta boto gehien jasotzen dituztenak gauzatuko dira. Horretarako 50.000 euro ditu gordeta Iurretako Udalak. Maiatzaren 26ra bitartean bozkatu daiteke, Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta saltokietan jarritako postontzietan. Online era bozkatu daiteke, www.iurreta.eus webgunean prestatutako galdetegi digitalaren eta QR kodearen bidez.
Honako proiektu hauen artean aukeratu daiteke:
- Gabonetako argiztapena eta apaingarriak Aita San Plazan
- Amilburu plazan hiri-altzariak jartzea
- Udalerrian paperontziak jartzea
- Haurtzaindegiaren ondoko parkean hamaka gehiago jartzea.
- 'Colacao itzulia' egokitzea
- Txakurren aisialdirako parkea
- Kalistenia-parkea instalatzea.
Maiatzaren 21ean auzoz auzo banatuko da informazioa, 11:00etatik 14:00etara, eta, 16:00etatik, 19:00etara. Eta, maiatzaren 22an, herriguneko Dantzari kalean mahai-informatiboa jarriko dute, ordutegi berdinean.
Berdegunea, Maspen
Iazko aurrekontu parte-hartzaileen bitartez Maspeko berdegunea egoitu zen, ibaiaren alboan 4.500 metro koadroko aisialdigunea egokitu da. 47.200 euroko inbertsioa egin du udalak eta laster herritarrentzako zabalik egongo da. Oskar Koka herriko alkateak azaldu duenez,, "proiektu honek iraunkortasunarekin eta Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendarekin dugun konpromisoarekin jarraitzeko aukera ematen digu, eta herritarrek aurrekontu parte-hartzaileetan duten parte-hartzeari esker gauzatu dugu. Hori dela eta, Iurretarako interesgarrienak iruditzen zaizkien proiektuetan parte hartzera eta hautatzera gonbidatzen ditugu guztiak".