Oskar Koka da Iurretako alkate berria

Anboto 2024ko mar. 22a, 08:45

Gaur goizean egin den ez ohiko bilkuran hartu du kargua Oskar Kokak. Hiru legealdi EAJko zinegotzi izan ondoren, 17 urtean Iurretako Udalaren buru izan den Iñaki Totorikaguenaren lekukoa hartu du.

Oskar Kokak karguaren zina egin ondoren azaldu duenez, "Iurretaren alde eta Iurretarentzako lan egitea izango dut helburu nagusi, horrela herria hobetzen lagundu eta iurretar guztien bizi kalitatea bermatzeko". Horretarako, "lan talde handi baten babesa" izango duela gaineratu du. Kargua "ohore eta erantzukizun handiz" hartu duela nabarmendu du. Alkate berriak erabateko arduraldia izango duela onartu du udalbatzak aho batez.

Legealdia amaitu bitartean, "akordio eta lankidetza" urteak izango direla espero du Kokak, orain arte moduan. "Izan ere, ezberdinak izan arren eta ikuspuntu ezberdinak baditugu ere helburu komun bat  daukagu dneok: Iurreta hobetzeko lan egitea. Horretarako irtenbide onenak hartu eta iurretarren eskariak asetzeko". Aurrikusita dauden proiektua garatzen jarraituko dutela adierazi du. Iñaki Totorikaguenari egindako lanagatik eskerrak emateko aprobetxatu du, eta ongietorria eman dioJose Antonio Sagarnaga Gandiagari. Bera izango da jeltzaleen ordezkari berria, gaur zinegotzi kargua hartu ondoren.

EH BIldu eta PSE-EE laguntzeko prest agertu dira

EH BIlduko Ziortza Duñabeitiak azaldu duenez, "orain arteko jarreragaz jarraituko dugu. Ahal dugun heinean laguntzeko prest egongo gara, Iurretaren onerako". PSE-EEko Julen Callejak ere ildo beretik berba egin du: "Iurreta hobetzeko laguntzeko eta elkarlanean jarduteko prest egongo gara".

Hautagai bi aurkeztu dira gaur goizean egin den alkatearen hautaketarako. EH Bilduko Ziortza Duñabeitiak lau boto izan ditu bere alde; Oskar Kokak zazpi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!