Iurretako Artatza mendian 4.500 arbola autoktono landatu dituzte

Anboto 2024ko mar. 18a, 12:21

Joan zen barikuan landatu zituzten arbolak eta Maiztegiko ikasleek zuhaitzak landatzen parte hartu zuten. Baso naturala lehengoratzea eta biztanleei aisialdirako erabilera eskaintzea da helburua.

Iurretako Udala Artatza mendiaren baso-berritzea egiten ari da, bertako ia 4.500 zuhaitz landatuz. Baso naturala lehengoratzea eta biztanleei aisialdirako erabilera eskaintzea da helburua, eta horretarako, "espezie autoktono egokienak" erabiliko dira, udal arduradunek jakin eragin dutenez. "Landare-eboluzioak landare-formazio heldu eta askotarikoetarantz aurrera egiteko beharrezko baldintzak sortuko dira", zehaztu dutenez.

Horrela, 2.300 haritz eta beste 2.102 urki  landatuko dituzte; guztira, 4.402 arbola. Landatu beharreko espezieak ausaz banatu dira. Basoberritzeko proiektuak 38.258 euroko aurrekontua izan du. Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta hori aintzat hartuta,  Maiztegi eskolako LHko 3. mailako ikasleekin zuhaitzak landatzeko ekitaldia antolatu zuen udalak barikuan. "Ekimenagaz gazteenak kontzientziatu nahi ditugu basoek iraunkortasunean, ingurumen-segurtasunean eta ur-horniduran duten garrantziaz. Era berean, gure ondare naturala ezagutarazi gure basoak ezagutuz " adierazi du Zorione Fundazurik.

Iurretako Udalak urteak daramatza kudeaketa eraginkorragoa lortzeko lanean udal arduradunek azaldu dutenez, "iraunkortasun-irizpideei jarraituz eta espezie autoktonoak dituzten lursailak basoberrituz". Helburu horrekin, 2022ko abenduan mendi horiek erosi ziren baso autoktonoa berreskuratzeko helburuarekin, "jarduketa hau 2021eko osoko bilkuraren akordioaren barruan kokatzen da, hainbat jarduera gauzatzeko eta, horrela, espezie ez-autoktonoak dituzten eremuak espezie autoktonoen landaketa bihurtzeko eta baso autoktonoak berreskuratzeko" gogoratu du Zorione Fundazurik. "Larrialdi Klimatikoaren une honetan 2030 Agendan aurrera egiteko egin dugun apustua irmoa da. Hain zuzen ere, ekosistemak lehengoratzeak, basoberritzea barne, klima- aldaketa arintzen laguntzen du", gaineratu du Fundazurik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!