Mikel Sopelana hil da, urte askoan Iurretako gizarte eta kultur mugimenduan lanean aritutakoa

Aitziber Basauri 2024ko mar. 7a, 12:34
Mikel Sopelana, Iurretako kofradiek egindako ikus-entzunezkoan.

Iurretako kofradietako idazkaria izan da 40 urtez, eta Gerediagako kide ere bai, ia elkartearen sorreratik. Udaletxean zinegotzi izan zen hainbat urtetan eta Goiuria ikastolako sortzaileetariko bat izan zen. 

Herriko gizarte eta kultur mugimenduan aktiboki parte hartu zuen Mikel Sopelana iurretarra hil da bart. Iurretako Kofradietako idazkaria izan zen azken 40 urtean, eta, Gerediaga kultur elkarteko kide ia sorreratik. Herriko dantza taldean aritua, Iurretako Koruko kidea ere bazen, eta Iurretako Ikastola sortzen lan egin zuen.

Sopelana 70eko hamarkadatik izan da Iurretako Kofradietako idazkari. "Kofradien azken urteetako historian lan garrantzitsua egin zuen Mikelek, eta berak egindako lananari eskerrak dira kofradiak gaur egun diren modukoak", nabarmendu du Jon Irazabal iurretarrak. Herrigintzan eta politikagintzan "oso inplikatua" egon zen, eta Irazabalek gaineratu duenez, Durangoko Kulturalean eta Elorrioko futbol taldean ere ibili zen jokalari. "Etxetik zetorkion herrigintzarekiko eta euskal munduarekiko konpromisoa".

Politikan aritua

1989an Bizkaiko Batzar Nagusiek Iurretaren desanexioa onartu ondoren, herria kudeatzeko sortutako taldean parte hartu zuen Mikel Sopelanak. Eta, hurrengo udal hauteskundeetan zinegotzi moduan aukeratu zuten. Hainbat legegintzaldi egin zituen Iurretako udaletxean ordezkari. Aurretik, Durangon ere izan zen eledun. Arlo politikoan oso gaztetatik jardun zuen. EAJko Euzko Gaztedi (EGI) gazte taldeko kide egin zen 1960an, Irazabalek gogoratu duen moduan. Baina, gerora Ezker Abertzalearen barruan egin zuen bere militantzia politikoa. Gernikako Batzar Nagusietan Herri Batasunako juntakide izan zen. Julen Kaltzada Iurretara etorri zenean ere, berarekin lan egin zuela gogoratu du Irazabalek.

Mikel Sopelanak martxoan egingo zituen 78 urte. "Bere aita atxilotu eta egun gutxira jaio zen. Aita Larrinagako kartzelan zegoen (Bilbo), eta hura kartzelako lokutorioan ezagutu zuela esaten zuen Mikelek", azaldu du Irazabalek. Durangoko Maristetan ikasi zuen eta Abadiñoko La Magdalena enpresan lan egin zuen 40 urtez, kudeaketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!