“Zintzoa eta errespetuzkoa izan naiz neure buruagaz, eta gainerakoekin ere bai”

J.G./A.B 2024ko mar. 7a, 08:38

Iurretako Udalean 25 urteko ibilbidea egin ondoren, Iñaki Totorikaguenak, 17 urtean alkate izan denak, etapa berri bati ekingo dio. Azken urteak gogorrak izan direla aitortu du, maila profesionalean eta pertsonalean, “ustekabeko osasun arazo bat barne, bosgarren aldiz aurkeztea onartu nuenean espero ez nuena”, argitu duenez. Oskar Kokak hartuko du lekukoa, martxoaren 22an. Totorikaguenak alkate kargua gaur goizean egindako udalbatzarrean utzi du. Hunkituta agurtu da bertaratu direnen aurrean. Eskerrak eman dizkie udaletxeko langileei, udal zinegotzi eta alderdikideei. Familia ere izan du gogoan. Kargua utzi aurreko egunetan erantzun die Totorikaguenak ANBOTOren galderei.

Agurtzeko egunak izan dira hauek. Zein sentsazio daukazu?
Alde batetik, pena apur bat dut. Azken batean, nire bizitzako 17 urte egin ditut alkate karguan, eta denbora horretan udala ia nire etxea izan da. Lan askoko urteak izan dira, dedikazio handikoak, eta, batez ere, gauzak ondo egiteko ilusioz beteak. Beste alde batetik, eskertuta noa, hainbeste urteko ibilbide honetan lagundu didaten pertsona guztiei eskertuta.

25 urte egin dituzu udalean, 17 alkate. Hiru legegintzalditan gehiengo absolutua lortuta zoaz. Zelan baloratzen duzu hainbeste urtean udalgintzan eginiko bidea? 
Gauzak etxean erakutsi zidaten moduan egiten ahalegindu naiz: seriotasunez eta erantzukizunez. Zintzoa eta errespetutsua izan naiz nere buruagaz, eta gainerakoekin ere bai. Horregaz iurretarren babesa izan dut. Baina, gehiengoak aparte utzita, herritar guztien alkatea izaten ahalegindu naiz, botoa guri eman zein ez.

Zure erabakiak harritu egin gaitu. Ondo pentsaturiko erabakia izan da, ezta? Kostatu zaizu erabaki hori hartzea?
Bai, asko kostatu zait kargua uzteko erabakia hartzea, ilusioz beteriko proiektu asko baititugu martxan; puzzle bat erdi amaituta uztearen modukoa da. Baina argi neukan nire azken legegintzaldia izango zela, eta uneren batean erreleboari lekua utzi behar zitzaiola. Albo batera pauso bat emateko zirkunstantziak gertatu dira orain, eta oso argi dut udala eta gure herria esku onetan uzten ditudala, ilusio beragaz edo handiagoagaz eta oso konprometituta dauden pertsonekin.

Fase bati amaiera eman diozu. Hemendik aurrera zein asmo duzu?
Esparru publikoari lotuta jarraituko dut beste proiektu batean eta beste erantzukizun batekin. 


Totorikaguenak alkate kargua gaur goizean egindako udalbatzarrean utzi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!