'Elikagai kilo bat errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat!' kanpaina solidarioa abiatu dute Iurretan

Anboto 2024ko ots. 13a, 10:56

Ekimenean parte hartzen duten herritarrek liburu bat jasoko dute saharar errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko emandako elikagaien trukean. Modu horretan aurtengo Karabana Solidarioari bultzada bat eman gura diote.

Iurretako Udalak, Rio de Oro Durangaldea GKErekin elkarlanean, Elikagai kilo bat errefuxiatuentzat, liburu bat zuretzat! kanpaina solidarioa abiatu berri du. Ekimenak saharar errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asetzen laguntzeko ahalik eta elikagai gehien eramatea du helburu.

Saharar errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko arroza, konpresa-paketeak, pasta, lekaleak, atun-latak, sardina- latak, azukrea eta oliba-olioa batu gura dituzte kanpaina solidarioaren bultzatzaileek. Hartara, dohaintzan emandako horietako elikagai kilo baten edo konpresa-paketeen truke liburu bat eraman ahal izango dute herritarrek. Kanpainak otsailaren 20ra bitartean iraungo du. 

Trukatzen diren liburuak erakundeek eta partikularrek herri bibliotekari egindako liburu dohaintzatik datoz, udal ordezkariek azaldu dutenez. Ekimenak elikagaiak biltzeko kanpainan parte hartzea bultzatzeaz gain, irakurzaletasuna sustatu nahi du. Batutako elikagaiak Rio de Oro Durangaldea GKEri emango zaizkio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!