II. Berdintasun Plana diseinatzen hasiko dira Iurretan

Anboto 2023ko aza. 29a, 12:00

II. Berdintasun Plana 2019tik indarrean egon den planaren jarraipena izango da, eta "gazteen eta gizonen sentsibilizazioan jarri gura du indarra", Zorione Fundazuri Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez.

I. Berdintasun Planaren lau urteko indarraldia agortuta II. Berdintasun Plana diseinatzeko lanean hasiko dira, Iurretan. Zorione Fundazuri Berdintasun zinegotziaren berbetan, “bigarren plan honekin, hurrengo urteetarako berdintasun alorrean plangintza eta orientabideak zehaztea bilatuko dugu, herritarren, herritarrekin eta herritarrentzat plan bat sortuta".

Joan diren lau urte hauetan, berdintasunaren aldeko gobernantzan eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetan zentratutako ardatzak landu dituzte, udaleko berdintasun sailetik azaldu dutenez. "Baina, emakumeen ahalduntzea eta gizarte antolaketa erantzunkidea bultzatzeko aurrerapausoak ere eman ditu". Aurreko berdintasunaren plana ebaluatzeko, analisi kuantitatibo eta kualitatiboa egingo da, bai ekintzena bai helburuena. Hartara, planaren eragina ezagutzeko. I Planaren lan arloak eta ardatz estrategikoak aztertuko dira betetze maila aztertzeko.

Horretarako eta Iurretako II Berdintasun Plana diseinatzeko hainbat metodologia erabiliko dira, azaldu dutenez. Eztabaida taldeak antolatuko dira eta galdetegiak banatuko dira herritar, elkarte eta udal langileen artean. Horrez gain, hainbat talde edo banakako elkarrizketak egingo dira herriko eragile garrantzitsuei. 

“Berdintasun plan hau aurreko planaren jarraipena da eta bereziki gazteen eta gizonen sentsibilizazioan indarra jarri nahi du. Horretarako, herritarren sentsibilizazioa ezibestekoa izango eta gai honen inguruan luzaroan ari diren emakumeen elkarteen eskutik joatea ere ezinbestekoa da”, nabarmendu du  Fundazurik. Informazioa osatzeko eta herriko errealitatea eta egunerokotasuna hobe ezagutzeko hainbat informazio iturri ez zuenak aztertuko dira (Eustat, Lanbide Opendata, memoriak, besteak beste). 

Informazio guztiarekin, Iurretako II Berdintasun Plana diseinatuko da eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Planaren egitura jarraituko du. Honako lau ardatzak landuko dira: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak.

Ebaluazioa, plana eta diagnostikoa 3 hilabeteetan diseinatuko dira

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!