Azoka solidarioak abiatuko du Iurretako gabonetako egitaraua

Anboto 2023ko aza. 27a, 08:00

Olentzero eta Mari Domingiri harrera, gabonetako koplak, umeentzako gabonetako parkea, tailerrak eta Errege Magoen Kabalgata egongo dira, besteak beste.

Iurretan 9. Azoka Solidarioagaz batera sartuko dira gabon giroan, datorren abenduaren 11n. Anderebide elkarteko Ana Mari Urkidik azaldu duen moduan hasita daude azokarako arropa eta objektu bilketa, eta hainbat gauza bildu dituzte dagoeneko. " Arropa, bitxiak, jolasak... batzen dira gehien, hala ere, somatu dugu sukaldeko tresnak, mantak edota izarak dutela harrera handiena. Baita alfombrak ere. Horien premia dago, batez ere". Azoka abenduaren 11tik 15era bitartean egongo da zabalik Ibarretxe kultur etxean, 09:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:30era. Batutako dirua JAED elkarteari emango zaio. 

Aurreko urteetan moduan, aurtengo elkartasun azokak harrera ona izatea espero du Urkidik. Gainera, bost euroko erosketaren truke otzara biren zozketan parte hartzeko txartela emango dute. Zozketa, urtarrilaren 5ean egingo dute. Pilar Jimenez kultur teknikariak gogoratu du azokaren helburuetariko bat intregrazioa sustatzea dela. Nabarmendu du denetariko herritarrak hurbiltzen direla azokara. Iaz moduan, gabonetako kanape eta koktel osasuntsuak prestatzeko Txikichef tailerra ere antolatu dutela gogoratu du. Gabonetako tailerrak eta umeentzako parkeak ere ez dute hutsik egingo. Ezta Olentzero eta Mari Domingiri harrera eta Errege Magoen Kabalgata.

Zorione Fundazuri kultura zinegotziak nabarmendu du askotariko ekitaldiak prestatu dituztela, denak gabon giroan garatuko direlarik. Egitaraua osatzeko lanean jardun dute elkarte eta eragileen lana eskertu du eta herritarrak parte hartzera animatu ditu.

 

Abenduaren 4tik 15era

  • Iurretako gutun-postal lehiaketarako lanak entregatzeko epea.

Abenduaren 11tik 15era

  • Gabonetako tailerretan izena emateko epea zabalik.
  • Iurretako elkartasun azoka, 09:00etatik 12:30era eta 16:30etik 19:30era, Ibarretxe kultur etxean.

Abenduaren 18tik 20ra bitartean

  • Abenduko koplen entseguak, 20:00etan, Iurretako plazan.

Abenduaren 22an

  • Olentzerori gutuna eta eskolekin hitzartutako magia eta txotxongilo saioak: 'Hiru lumak' (Rosa Martinez) eta 'Magia parrastan' (Imanol Ituiño). Ibarretxe kultur etxean.
  • Haurrentzako ipuin kontalaria: 'Ipuin ibiltaria' (Ridouane Chakoich Laman), 17:00etan (3-5 urte) eta 17:45ean (sei urtetik gora), Ibarretxe kultur etxean.
  • Helduentzako ipuin kontalaria: 'Historias de arena y sal' (Ridouane Chakoich Laman), 19:0etan, Ibarretxe kultur etxean.

Abenduaren 23an

  • Abendu koplak abestuko dituzte etxez etxe, 10:00etan, San Agustin kulturgunean.

Abenduaren 24an

  • Olentzero eta Mari Domingiri harrera, 12:00etan, Aita San Migel plazan. Ondoren, kalejira trikitilariekin (euria bada, Askondoko aterpean).

Abenduaren 27an

  • Haurrentzako ipuin kontalaria:
    'Animalien istorioak' (Maider Alcelay), 11:00etan, Ibarretxe kultur etxean. 3-5 urte.
    'Bazen behin herritxo batean...' (Maider Alcelay), 12:00etan, Ibarretxe kultur etxean. Sei urtetik gorakoak.

Abenduaren 26 eta 27an

  • Txu-txu trena, 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, Korreoseko geltokian.

Abenduaren 27tik 30era

  • Umeentzako gabonetako parkea, 17:00etatik 20:00etara, Kepa Arroitajauregi frontoian.

Urtarrilak 1ean

  • Urte Barri eguneko Gallandara igoera, 09:30ean, plazan. Tontorrean famili argazkia, 11:00etan.

Urtarrilaren 2tik 4ra

  • Gabonetako tailerrak.

Urtarrilak 5ean

  • Errege Magoen Kabalgata, 17:30ean, Askondon. Errege Magoei harrera egin bitartean txokolatea eta elkartasun opila banatuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!