[BIDEOA]: Jeremias enpresak berrikuntzaren alde egindako apustua nabarmendu du Urkullu lehendakariak

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 20a, 12:39

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua Iurretako Jeremias enpresan izan dira goiz honetan, fabrikan egiten duten lana eta etorkizuneko proiektuak gertutik ezagutzen. 

Jeremias enpresa erreferentea da tximinia modular metalikoen fabrikaziori dagokionez. Mundu mailako ikur da bere arloan, eta nazioarteko 25 herrialdetara bideratzen ditu bere salmenta eta negozio lerroak. Etxebizitzaren sektorean, industrian eta hirugarren sektorean ditu lan ildoak. Aireportuetako, estadioetako, ospitaleetako eta hoteletako tximinia sistemetan eragiten dute, besteak beste.

Enpresaren lehen harriak 2007an ipini zituzten Bilboko bulego batean. Roberto Casas eta José Abascal enpresariek han ekin zioten lanari. Urte hauetan guztietan, Jeremiasek bilakaera handia izan du, eta gaur egun, 20.000 metro karratuko instalazioak ditu Iurretako Mallabiena industrialdean. Bertan egiten dute lan 240 beharginek. Roberto Casas enpresako kontseilari delegatuak "behargin guztien lan bateratua" goraipatu du gaurko hitz hartzean, eta azpimarratu du Jeremias bezalako enpresa industrialak "motore sozialak" direla gaur egungo testuinguruan. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "egunero zaindu eta hobetu behar den eredu ekonomikoa" markatzen dute enpresek, "ongizatearen oinarrizko zutabe baitira". "Langileen lan baldintza onak defendatzeko lan" egin gura dutela azaldu du Urkulluk, eta langileak zoriondu ditu "ametsa eredu bihurtu" dutela ikusita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!