Ibaizabal ibaiak sorturiko uholdeetatik babesteko jarduera-protokoloa sinatu dute Iurretan, URA agentziagaz

Anboto 2023ko aza. 3a, 10:55

Paduretako ibarrean ibai-parke bat egokituko dute eta defentsarako hormatxoak eraikiko dira. Modu horretan "ur-goraldi errepikakor eta naturaletatik babestuko dute herrigunea", Iurretako Udalak jakin eragin duenez.

Iurretako Udalak eta URA agentziak jarduera protokoloa landu dute herrigunea Ibaizabal ibaiak eragindako uholdeetatik babesteko. Horren barruan, modu koordinatuan obra-proiektu bi idaztea aurreikusi dituzte.

Alde batetik, Paduretako ibarrean (Ibaizabalen eskuinaldean), ibai-parke bat egokitu dute; Durangoko Frai Juan Zumarraga eta Iurretako Maspe kaleak lotzen dituen zubitik ibaian behera, BI-623 errepideko zubiraino. Egungo erriberako landareria mantenduko dute.

Bestalde, defentsarako hormatxoak eraikiko dituzte: Arandiako zubitik ibaian gora dagoen bidegorriaren ondotik doan zatian, batetik, eta, bestetik. Durangoko Frai Juan Zumarraga eta Iurretako Maspe kaleak lotzen dituen zubitik Francisco Ibarra kaleko zubirako zati batean. Era berean, Frai Juan Zumarraga kaleko zubiaren azpiko presa txikia kenduko dute.

Lankidetza hitzarmena

Bi jarduera horiek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren UAKP neurri programaren barruan jasotzen dira. Izan ere, herrigunean "larriki" eragiten dioten uholdeak pairatzen ditu Iurretak (Iurretako Uholde Arrisku Handiko Eremuaren zati handi bat da herrigunea). Udal arduradunek jakin eragin dutenez, "aurreikusitako jarduerei esker, uholde emarien sakonera nabarmen murriztuko da".

Jardueren ezaugarriengatik bi erakundeen arteko lankidetza "beharrezkoa", jarduketa hidraulikoak eta hirigintza-garapena uztartzeko eta, proiektuak egin ondoren, obren finantzaketa zehazteko. Iurretako Udalak Paduretako ibarrean (Ibaizabalen eskuinaldean) egin beharreko lanen proiektua idazteko konpromisoa hartu du. URA agentziak, berriz, defentsarako hormatxoak eraikiko ditu ibaian eta Frai Juan Zumarraga kaleko zubiaren azpiko presa txikia kenduko du. Gainera, URAk bi proiektuetako lanak koordinatuko ditu eta jarduketa guztien analisi hidraulikoa egingo du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!