Iurretako Udalak Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestaziora joatera deitu du

Anboto 2023ko urr. 26a, 14:33

Iurretako Udalak Euskeraren erabilera arautzen duen dekretuko hainbat artikuluen baliogabetzearen inguruan EUDELek adostu duen adierazpenarekin bat egitea adostu dute EAJk eta EH Bilduk. Hartara, Euskalgintzaren Kontseiluak, azaroaren 4an, antolatutako manifestaziora joatera deitu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaiaren aurrean EUDELeko Batzorde Eragileak hurrengo puntuak batzen dituen adierazpena onartu du, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egindako lehenengo bileran. Epaiak 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko.

Horren aurrean, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, EUDELek berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Uste du lega "ezinbestekoa" dela "euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta".

Era berean, EUDELek nabarmendu du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Idlo horretan, adierazpenak jasotzen duenez, "EUDELeko Batzorde Eragileak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea". Era berean, "funtsezko" beste artikulu batzuk ere deuseztatzen direla, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza- plangintza ahalbidetzen dutenak. "Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko".

Bestalde, EUDELek adierazi du udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, oztopo dela toki-erakundeen funtzionamenduan eta, "are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko". Nabarmendu du kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak direla. 

EUDELek onartutako adierazpenean jasotzen denez, "adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan". Eta, egungo egoera balioan jarri du, "estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten
jarraitzeko erronka eta aukera baita".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!