Marian Muñoz omendu dute Iurretan, 32 urtez alderdi sozialistako zinegotzi izandakoa

Anboto 2023ko urr. 5a, 19:44

Marian Muñozek 1991tik 2023ra bitartean jardun du zinegotzi Iurretako Udalean. Bere lana aitortzeko omenaldia egin diote, gaur, udaletxean. Unkituta eta oso eskertuta agurtu da, zortzi legegintzalditan zinegotzi moduan jardun ondoren.

Muñozek 18 urtegaz hartu zuen kargua lehenengoz, 1991. urteko ekainean. Iurreta Durangotik bereizi zenetik karguan egon den zinegotzi bakarra izan da.  "Herri baten sorrera bizi izan dut. Zerotik hasi beharra izan genuen eta guztion konpromiso eta indarragaz Iurretaren historia osatu dugu", azaldu du. "Herriagaz batera hazi eta hobetu naizela uste dut, eta urte hauetan udalkide izan ditudan guztiei eskerrak eman gura dizikiet". Familiari, iurretarrei, PSE-EE Bizkaiari eta udaletxeko langileei ere eman dizkie eskerrak. "Osasunak lagundu ez didan arren, belaunaldi berriei lekua emateko" itxi du ziklo hau Muñozek, "pena handiagaz".

Muñozen berbetan, "ahal izan dudan ondoen egin dut, bihotzarekin eta buru-belarri arituta". Bizkaiko Batzar Nagusietan ahaldun ere izan da Muñoz, eta, gaur egun, Iurretako Sozialisten Idazkari Orokorra da da. Baita Bizkaiko Sozialisten Zuzendaritzan lan egiten du, hauteskunde-ekintzako eta elkarteekiko harremanetarako idazkari moduan.

"Aparteko dedikazio eta konpromisoa"

Iñaki Totorikaguena alkateak Muñozen zinegotzi moduan izandako "aparteko dedikazio eta konpromisoa", nabarmendu ditu, eta odezkari sozialistaren "konpromiso" eta "lan nekaezina" aitortu ditu. "ETAren zentzu gabeko jazarpena bizi izan zuen, eta komunitatearekin zuen konpromisoa mantendu zuen", gaineratu du.

Alderdi Sozialistako Durangaldeko hainbat ordezkari hurbildu dira ekitaldira; baita PSE-EE Bizkaiko Idazkari Nagusi Mikel Torres. Iurretako udalbatzako ordezkariak ere izan dira Iurretako udaletxean egindako ekitaldira. 

Omenaldiaren irudia

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!