Iurretako Etxego gaztelekuaren inguruaren urbanizazio lanak amaitu dituzte dagoeneko. Bada, askotariko funtzionalitatea duten altzarien bitartez mugimendu-erronkak ahalbidetzen dituen hainbat gune eta ingurune urbanizatu ditu espazio berri honek: esertzekoa, sktarekin manipulatzeko, jolaserako espazioak banatzeko... aukera dago orain.
Udal arduradunek ohar batean azaldu dutenez, "ariketa fisikoaz gain, orain lagunartean egoteko eta jarduera anitzak egiteko espazioak daude, hainbat dimentsiotako egonaldietarako guneekin, forma hexagonala duten eserleku-multzoen bidez". Gaineratu dutenez, "eremu berriak zoladura berezi bat du, mistoa (hormigoizko sareta eta soropila), eta bertan dagoen lorategi-eremua handitu egiten da, hormigoizko zoladurarekin, berdeguneen higadura saihesteko". Hormigoi armatuzko harmaila bat ere sortu da, iparraldeko fatxadari atxikia, eta, aurrean, eremu zabal bat du arte erakustaldietarako zein kanpoko gazte taldeentzako, adierazi dutenez.
Maiatzean hasi zen Etxegoren inguruko urbanizazio-proiektua eta bertan udalak bideratutako partaidetza-prozesuaren barruan jasotako proposamenak batu dituzte. Lanek 137.366 euroko inbertsioa eskatu dute.
Etxego eraikinak 199,21 metro koadro ditu eta alboko partzelak 1.600 metro koadro inguru. 2018an IU! Gazte proiektuaren egoitza bihurtu zen, eta "herriko gazteen aisialdirako erreferentziazko gunea" izan gura du.