Usadioari eutsiz, sardina jaten ospatu dute San Kristobal eguna Iurretako Arriandi auzoan. Eguraldi beroari aurre egin eta jai giroa nagusitu zen Amezketako eskolara bertaratutakoen artean. Sardinekin batera gozokiak eta edariak ere banatu zituzten. Zapatuan, bestalde, herri bazkarian elkartuko dira. Bazkalaurrekoa girotzeko trikitilariak izango dira; baita bazkalondoan ere.
San Kristobal jaiek San Maña jaiei emango die lekukoa Arriandin. Hartara, egun osoko egitaraua prestatu dute uztailaren 18rako, Santa Maña egunerako. Meza izango da, 11:30ean, eta jarraian, tortillak, gozokiak, karramarroak eta edariak banatuko dituzte Santa Mañako baselizara bertaratukoen artean.
Ondoren, Santa Mañako XLIII. Tortilla Txapelketa eta Santa Mañako XXXVII. Igel Txapelketa egingo dituzte, Santa Mañan bertan.
Amezketako eskolan izango dira arratsalderako antolatutako ekitaldiak. Santa Mañako LIV. Briska Txapelketa hasiko da 18:00etan, eta, 19:00etan, ume eta helduentzako jolasak egingo dituzte.