'Iurretako Ferraria', Lanbide Heziketako ikasleek hutsetik diseinatu eta sortu duten auto elektrikoa

Joseba Derteano 2023ko uzt. 10a, 08:54

Irudietan ikusten dena Iurreta Lanbide Heziketa ikastetxeko ikasleek hutsetik sortu duten auto elektrikoa da, ikasturte oso bateko lanaren emaitza. Bide luzea egin dute helmugara heltzeko: hamaika aldapa igo, beste hainbeste bidegurutzetan dudatu, ondokoari entzuten ikasi, taldean lan egiten trebatu… Eta, harro egoteko modukoa den azken emaitzatik haratago, bidean ikasitako horixe da betirako bidelagun izango dutena eta lan merkatuan balio erantsi bat eskainiko diena.

Trebakuntza horren garrantziaz jabetuta, Iurreta LHII ikastetxeak urtero parte hartzen du Euskelec-en, Euskal Herriko Lanbide Heziketako Ibilgailu Elektrikoen txapelketan. Bertan parte hartzen duten Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ehuneko ehunean elektrikoa den ibilgailu bat diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun batetik abiatuta. Bidean sormena, talde lana eta erabakiak hartzeko gaitasuna lako balioak lantzen dituzte. Txapelketaren seigarren aldian, Iurreta LHII-ko erdi eta goi mailako —16tik 20 urtera artekoak— hiru mintegitako ikasle talde batek parte hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko, Kantabriako, Madrilgo, Valentziako, Gaztela eta Leongo eta Gaztela-Mantxako beste 26 zentrotako taldeekin batera.  

Metodologiarik onena
Prozesua luzea izan da. Hilerik hile erronkak gainditzen joan dira: merkatuaren azterketa, materialen hautaketa, autoaren diseinua, eraikuntza, marketinga, diru laguntzak lortzea… Horrela eraiki dute autoa, modu antolatuan eta txapelketako gaitasunak zikloan irakasten diren horiekin bateratuta. Lan egiteko modu hori saritu egin dute txapelketan eta ikastetxeak proiektu metodologikorik onenaren saria irabazi du.

Lehenengo fase luzea amaitzeko, euren proiektua epaileen aurrean aurkeztu eta defendatu dute ikasleek. Bigarren fasea dibertigarriagoa izan da: autoa proban ipintzea. Dibertigarriagoa ez ezik, laburragoa ere bai, egun batean kontzentratu delako. Auto elektriko guztiak ekainaren 3an batu ziren Bilboko San Mames futbol zelai ondoko lautadan. eta orduan egin zituzten proba guztiak. Iurretarren autoa orduan bataiatu zuen 'Iurretako Ferraria' izenagaz ekimeneko esatariak, kolorean duen antzekotasunagaitik. Baina errendimenduarengaitik ere izan zitekeen, proba batean baino gehiagotan aurrean ibili zelako. Esaterako, erresistentzia proban sei onenen artean geratu zen. 

Beldurra kentzeko
Ikasleek sarietan zuten burua, baina irakasleentzat ez da hori garrantzitsuena. Beste arlo batzuetan egiten dute azpimarra. "Hainbat mintegitako ikasleak talde lanean aritzea, antolatzeko era desberdinak ikastea, eztabaidak gainditzea… Hori guzti hori balio erantsi bat da enpresa mundurako. Eta euren artean sortu den giroa… Oso ilusionatuta ibili dira", dio Bego Gómez irakasleak. Gorka Mujika eta Xabat Arrate irakasleak ere proiektuko tutore eta bultzatzaileak izan dira. Esperientziak beldurra kentzeko balio izan diela uste du Gomezek: "Horrelako prozesu batean beldurra ohikoa izaten da: 'Bide hau aukeratzen badugu baina bide okerra bada?'. Batzuetan erabakiak hartu behar direla ikasi dute. Ez dela ondo irteten? Aztertu dezagun zergaitik, zuzendu norabidea eta aurrera. Konfiantza hori irabaztea inportantea da eurentzat".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!