Hezkuntza gastuei aurre egiteko dirulaguntza eskatzeko epea zabaldu dute Iurretan

Anboto 2023ko mai. 31a, 12:43

Iurretako Udalak 10.000 euro bideratuko ditu hezkuntza gastuei aurre egiteko dirulaguntzetarako poltsara. Ekainaren 14ra bitartean egin daiteke eskaria Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo udalaren webgunearen bitartez.

Iurretan zabalik dago 2022/2023 ikasturteko hezkuntza gastuei aurre egiteko dirulaguntza eskatzeko epea. Ikasturte honetan haurtzaindegian, HHn, LHn eta DBHn seme-alabak dituzten familiei zuzendutako deialdia da, maila horietan eskolatutako seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati batean ordaintzeko.

Familia unitate bakoitzak eskaera bakarra tramitatu dezake, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo udaleko webgunearen bitartez. Eskaria egiteko Iurretan erroldatuta egon behar da, 2022eko urtarrilaren 1eko antzinatasunarekin. Era berean, eskatzaileak eta beren ardurapean dituzten eskolatutako seme-alabak edo adingabeak bizileku berean erroldatuta egon behar dira. Ekainaren 14ra bitartean egin daiteke eskaria.

Diru-laguntza diru-kopuru bat izango da, eta familia-unitatearen errentaren, seme-alaben edo ardurapeko adingabeen ikasketa-mailaren eta kide-kopuruaren arabera zehaztuko da. Honako tarteak zehaztu dira: Haurreskola (150 euro), Haur Hezkuntza (45 euro), LH osoa eta DBHko 1. eta 2. maila (45 euro), eta, DBHko 3. eta 4. maila (75 euro). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!