Etxego eraikinaren ingurua urbanizatzeko lanak hasi dituzte asteon. Obrek Orobiogoitia Institutuaren ondoan dagoen espazio hori gazteleku moduan erabiltzeko aukera aktibatzea dute helburu, eta udan amaituta egotea aurreikusi dute.
Eraikinaren ondoko kanpoko espazioa eraldatuko dute, eta "barruko geletan espazio lasai eta aktiboak garatzeko" proposamenari eutsiko diote. "Gaztelekuaren erabiltzaile gazteek eurak dituzten beharrak ezagutzeko egindako partaidetza-prozesu baten barruan batutako proposamenak jaso dira proiektuan", udal arduradunek jakin eragin dutenez. "Partaidetza-prozesuan antzemandako beharrak erreferentziatzat hartuta, proiektuak hainbat proposamen jasotzen ditu, adibidez, Etxegoko ingurune urbanizatuak mugimendu-erronkak ahalbidetzea. Hori dela eta, altzariek funtzio desberdinak izatea aurreikusten da, hala nola esertzea, skatez manipulatzea, jolaserako espazioak banatzea", zehaztu dutenez.
"Hainbat dimentsiotako egonaldietarako eremuak diseinatu dira, forma hexagonala
duten eserleku-multzoen bidez", udaletik ohar batean azaldu dutenez. Era berean, lehendik dagoen lorategi-eremua handitu egingo da, "hormigoizko zoladurarekin, berdeguneen higadura saihesteko".
Etxego IU! GAZTE dinamikaren egoitza bihurtu zen 2018an, eta herriko gazteen aisialdirako erreferentziazko gunea izan nahi du. Eraikinak 199,21 metro koadro ditu eraikita, eta ondoan duen lurzatiak 1.600 metro koadroko azalera du.