Maiztegi herri eskolako 470 ikasle ohi batuko dira maiatzaren 13an, Iurretan

Jone Guenetxea 2023ko mai. 6a, 10:20

Iurretako Maiztegi herri eskolako ikasle ohiak bazkari berezi batean batuko dira, maiatzaren 13an. 1975etik 2004ra bitartean jaiotako belaunaldiak bilduko dira. Kasuren batean Maiztegin ikasi duten ama-alabak joango dira bazkarira.

Goizean, txaranga batek bazkalaurreko poteoa alaituko du herrian. Ondoren, Maiztegi eskolako frontoian bazkaria egingo dute. Bazkalostean, talde argazkiak aterako dituzte. Iluntzera arte DJ batek musika ipiniko du.

Ikasle ohi batzuek pilota eskolako jaialdia izan zuten iazko uztailean, eta bertan sortu zen bazkari hau antolatzeko asmoa. Ideia garatzen hasi eta whatsapp talde bat sortu zuten. "Belaunaldi bakoitzeko arduradun pare bat dago, eta whatsapp talde bat sortu genuen", azaldu du Ziortza Duñabeitia antolatzaileetariko batek.

Ikastetxeko ikasle ohien argazki zaharrak biltzen ibili dira argazki horiek jaialdi egunean bertan proiektatzeko. Iluntze aldera egongo da argazkiak ikusteko aukera.

Antolatzaileak pozik daude jendearen erantzunagaz. Izan ere, ikasle ohi batzuek, seme-alaben bitartez, ikastetxeagaz hartu-emanean jarraitu dute, baina beste batzuek ez dute beste loturarik izan zentroagaz hango ikasketak amaitu zituztenetik. Gainera, belaunaldi batzuek bazkaria egiten dute urtero, baina askok ez. Beraz, behinolako lagunak elkartzeko aitzakia izango da bazkaria. "Belaunaldi bakoitzetik erdiak behintzat elkartuko gara. Ez genuen espero hainbeste jende batzea", diote antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!