Iurretan 716.000 euroko kreditu gehigarria onartu dute, hainbat proiektu gauzatzeko

Anboto 2023ko mai. 3a, 14:02

Iurretako Udalak Bidebarrietako aparkalekua egiteko (450.000 euro), Iturburuko espaloia (40.000 euro) eta Maspe-Arandia bidegorria (50.000 euro) konpontzeko, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak egokitzeko (30.000 euro) eta Santa Apolonia ermita berritzeko (50.000 euro) erabiliko du dirua, besteak beste.

Iurretako udalbatzak, gaur, 716.000 euroko kreditu gehiagarria onartu du aurreikusitako hainbat lan gauzatzeko. Udal gobernuaren aldeko botoekin onartu da. EH Bilduk aurka bozkatu du.

EH Bilduko Liher Aiartzaguenak arrazoitu dutenez, "ez dugu politika modu hau onartzen. Hirigintza inbertsioak dira gehienak, eta udal aurrekontua onartu zenetik egindako Hirigintza Batzordeetan inoiz ez dira aipatu. Bada, horren garrantzitsuak badira zergaitik ez da inolako azalpenik eman?". Gogoratu dute 2023ko udal aurrekontuaren inbertsio atala 845.000 eurokoa dela.

EAJko Oskar Kokak nabarmendu duenez, "aurrekontuak foru arauari jarraituz lotzen dira, eta ez dira itxiak. Kreditu gehigarriak egiteko aukera hor dago, eta udal guztiek erabiltzen duten formula da premiazko lanak gauzatzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!