Arrozen dastatzea, musika eta dantza antolatu dituzte zapaturako Iurretan

Anboto 2023ko api. 27a, 10:39

Iurretan Arrozen Eguna ospatuko dute, zapatuan, Kultur Aniztasunaren Astea amaitzeko. Herriko hainbat elkartek, udalaren laguntzagaz, hainbat ekintza antolatu dituzte. Gaurko 'Migrazioaren konstanteak eta lekukotasuna' mahai-ingurua antolatu dute, 18:30ean, Ibarretxe kultur etxean.

Te eta pasta dastatzeagaz hasiko dute eguna, 11:30ean. Ondoren, adin guztietako herritarrei zuzenduriko tailerrak egingo dituzte. Hennagaz margotzeko eta trentzak egiteko aukera egongo da, eta arabiar idazketa ikasteko; djembe danborrak probatzeko tartea ere izango dute, 12:00etan hasita. Ordu horretan Ghanako txarangak kalera irtengo du.

Gainera, 13:00etan arrozen dastatzea hasiko da , eta 14:30ean elkarregaz bazkalduko dute bertaratzen diren herritarrek. Arrozen lehiaketa 15:30ean hasiko da, eta 16:00ean kafea emango dute. Eguna agurtzeko, musika egongo da, 16:30ean hasita.

Mahai-ingurua eta formakuntza saioak

Zapatuan izango den arren ekitaldi nagusia, gaurko mahai ingurua prestatu dute. 'Migrazioaren konstanteak eta lekukotasuna' izenburuagaz mahai-ingurua egingo dute, 18:30ean, Ibarretxe kultur etxean. Xabier Aierdik (Zurrumurruaren Aurkako Sarea-ZAS) eta herriko migranteek parte hartuko dute. Bestalde, gaur eta bihar goizean, Juan orobiogoitia InstitutukoDBH1eko ikasleentzat Zurrumurruen aurkako formakuntza saioak egingo dira.

Maiatzaren 21ean Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna dela ospatzeko antolatu dute Iurretan Kultur Aniztasunaren Astea, "kulturak eta aniztasunaren aberastasunak partekatzeko eta, herrian, kulturarteko topagune batekin gozatzeko, aldi berean, kultura integratzeko aukera emanez." Udalak eta herriko hainbat elkartek (Goiuriko Ama Nagusien Elkartea, Anderebide, Gurutze Gorria, Marokoko Axoura, Maliko Fasoden, Senegaleko And Bolo eta Ghanako elkartea) elkarlanean osatu dute egitarua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!