Arriandiko Akiñenako espaloia egiteko lanak hasi dituzte Iurretan

Anboto 2023ko api. 2a, 12:27

N-634 errepidearekiko paralelo joango da espaloi berria, galtzadaren ezkerraldean, Iurretarako noranzkoan. Iurretako Udalak oinezkoen segurtasuna handitzea du helburu. Obrak 285.800 euroko aurrekontua du eta abuztuan amaitzea aurreikusi dute.

Iurreta eta Zornotza artean, Arriandiko Akiñenako espaloia egiteko lanak hasi ditu Iurretako Udalak. N-634 errepidearekiko paralelo joango da espaloi berria, galtzadaren ezkerraldean, eta Iurretarako noranzkoan. Guztira 500 metro izango ditu. Bertako bizilagunen eskariei erantzun gura die udalak. Modu horretan, "Arriandiko eremu horretan oinezkoen joan-etorri segurua ahalbidetu eta erraztu" gura dute.

Espaloia errepidearen egungo sekziotik igaroko da, errepideari eragin gabe, eta galtzadaren ezkerraldea handituko da. "Espaloia amaitzeko, oinezkoentzako pasabide bat eraikiko da, errepidearen bi ertzak eta Akiñenako bi autobus-geltokiak lotuko dituena. Horretaz gain, Amezketan  bizikleta-pistarekin ere lotuko da", udal arduradunek azaldu dutenez.

Espaloiak bi metroko zabalera  izango du, gutxi gorabehera, 500 metroko trazadura osoan, tarte batean izan ezik. "Zati horretan, familia bakarreko etxebizitza gertu dagoenez, zabalera egungo sekziora egokituko da", argitu dutenez.

Obra 285.800 euroan esleitu zen eta lau hilabete beharko ditu amaitzeko, abuzturako amaituta egtotea aurreikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!