Artisau garagardo jaia egingo dute Iurretan, apirilaren 1ean

Anboto 2023ko mar. 28a, 08:49

Aurten seigarren aldia izango duen Iurretako Beer Azokan artisau garagardoa egiten duten lau garagardoegilek parte hartuko dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 12:00etan hasita. 

Euskal Herrian ekoizturiko artisau garagardoa probatzeko aukera egongo da Iurretan, hurrengo apirilaren 1ean. VI. Beer Azoka egingo dute, eta Garai Agro Brewery (Garai), Baobeer (Elgeta), Atala (Burlata) eta Txapel (Izaba) garagardogileek egindako zortzi artisau garagardo eskainiko dituzte, Askondon ipinitako barran. Horixe da Iurretako garagardo azokaren berezitasuna: "Garagardoegile guztiok elkarrekin egiten dugu lan barra bakarraren atzean, gustatzen zaigu deno batera jardutea. Polita da. Izan ere guretzako jai bat da. Gustatzen zaigu bezeroekin, jendeagaz egotea, baina ekoizleek egotea ere bai", azaldu du Ibon Berriozabalgoitiak.

Hainbat urtean abenduan egin ondoren, iaz udaberrian aldatzea erabaki zuten antolatzaileek, eta aldaketak harrera "oso ona" izan zuen garagardozaleen artean. "Giro oso ona sortu zen. Bada, aurten, are eta erantzun hobea izatea espero dugu", dio Berriozabalgoitiak. "Azokara hurbiltzen denak zortzi garagardo mota probatzeko aukera izango dute, bakoitzaren ezaugarriak zeintzuk diren azalduta".

Antolatzaileek egun osoko egitaraua osatu dute egun horretarako. Umeentzat ponpa tailerra eta txapa lasterketa egongo dira, 12:30ean, eta, 17:00etan,  IV. IBA igel txapelketari ekingo diote. Horrez gainera, garagardo sorta zotz egingo dute, 15:30ean eta 23:30ean. Egun osoan zabalik egongo da sukaldea, Ibon Petralandaren eskutik; eta etengabeko binilo pintxadak berotuko du giroa: Quitapenas Colectiva, KSKA eta Pantx arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!