Iurretako Kimuak aisialdi taldearen udalekuetan izena emateko epea zabalik dago

Anboto 2023ko mar. 7a, 12:08

Iurretako Kimuak aisialdi elkarteak antolatutako udalekuetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago, martxoaren 9ra bitartean. Online egin behar da izen ematea.

Iurretako Kimuak aisialdi elkarteak udalekuak antolatu ditu beste behin, uztailerako. Hiru udaleku egongo dira aurten ere: finkoa (Arraten), ibiltari txikia (Bermeo-Iurreta) eta ibiltaria (Bokale-Ondarroa).

Uztailaren 2tik 20ra bitartean antolatuko dira udalekuak, adinaren arabera banatuta. Hartara, 2013-2015 urte bitartean jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago Arraten (Eibar) izango den udaleku finkoa. 2009-2012 urte bitartean jaiotakoentzat Bermeo-Iurreta ibiltari txikia prestatu dute, eta, 2006-2008 jaiotakoek Bokale-Ondarroa udaleku ibiltaria egiteko aukera izango dute.

Famili ugarien kasuan %25eko deskontua egingo da; baita etxe beretik bi umek parte hartzen badute ere. Eta, guraso biak langabezian badaude %50eko deskontua egingo da. Informazio gehiagorako: kimuak.a.e@gmail.com.

Zozketa martxoaren 10ean egingo da eta, behin behineko zerrenda ere jakin eragingo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!