Iurretan bizikleta-plana osatu dute, bizikletan ibiltzea sustatzeko

Aitziber Basauri 2023ko ots. 28a, 10:25

Iurretako Udalak prestatutako bizikleta-planak zortzi jarduera jasotzen ditu, herriko hainbat lekutan. Bizikleta garraiobide moduan erabiltzea sustatzea du helburu planak.

Iurretako Udalak bizikleta-plana landu du, bizikletan ibiltzea sustatzeko helburuagaz. Udalerriko hainbat tokitan banatuta, zortzi jarduera burutzea aurreikusi dute planean. Lehendik dauden bidegorriak elkarren artean eta bizikleta-pistarekin lotuko dituzte, "herrigunean bizikletaz seguru ibiltzea erraztuz", udal arduradunek azaldu dutenez.

Maspe, Bixente Kapanaga, Askondo eta Zubiaurre kaleetan egingo dituzte lanak. "Bertan, ingurumenari dagokionez baketsuak diren eremuak sortuko dira, zirkulazioa 20 km/h-ra mugatuko da eta bizikleten eta oinezkoen zirkulazioa lehenetsiko da", udal ordezkariek azaldu dutenez. Gaineratu dute, herri eremu horietan, sarbideak egingo direla, seinale bertikalak eta pintura erabiliya, "lehentasun ziklopeatonala bermatzeko".

Bestalde, Olaburun, Elixalden eta Andaparapen ere egingo dira hobekuntzak. Obra txikiak burutuko dira foru errepidearekiko paraleloan doan bidegorria jarduketa berriekin lotzeko, segurtasuna areagotuz, argitu dutenez. Basetan eta Arriandin laster irekiko den bizikleta-pista lehendik dagoen udal sarearekin lotuko da.

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbean, "helburua mugikortasun iraunkor eta seguruaren aldeko apustua egiten jarraitzea da, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatuz eta bide-segurtasuna hobetuz. Horretarako, Iurretan dauden bizikleta-bideen presentzia indartuko da, gure udalerriak eremu eroso eta seguruak izan ditzan garraiobiderik iraunkorrenarekin, hots, bizikletarekin, ibiltzeko”. 

Erabilera sustatzea helburu

Jarduera hauekin "bizikletaren erabilera sustatuko da", iurretarrak herrian "arazorik gabe" ibil daitezen, "egungo bizikleta-sarearen jarraitutasun- eta konektibitate-arazoak konponduz". Udal arduradunek azaldu dutenez, horretan "lagungarria" izango da Iurretaraino iritsiko den bizikleta-pista berria.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!