Astebete daramate martxan Maiztegi herri-eskolan instalatutako 460 wP-ko 54 eguzki-panelek, zentroari elektrizitate-kontsumoaren auto-hornidura emanez. Eskolako estalkia ordezkatzeko lanekin amaitzeko ura biltzeko erretenak jartzea baino ez da geratzen, udal arduradunek azaldu dutenez. Obra horien barruan bai estalki nagusia bai eraikinaren sarrera nagusiko ataripea aldatuko dira. Gainera, estalkia iragazgaizteko eta euri-urak husteko elementuak ordezkatzeko lanak egin dira. Urrian hasi zituzten lanotarako 227.000 euroko inbertsioa egin dute.
Panel fotovoltaikoekin sortutako elektrizitatea zentroak erabili ahal izateko egokitu dute estalkia. "Horretarako, panel fotovoltaikoetatik jasotzen duten korronte jarraitua korronte alterno bihurtzen duen bihurgailu bat (inbertitzaileak) erabiltzen da. Horrela, zentroaren egungo sare elektrikora egokitutako instalazio osoa egin da, eta monitorizazio-sistema bat instalatu da, instalazioaren funtzionamenduaren urrutiko jarraipena egiteaz gain, sortutako energiaren kudeaketa eraginkorra ahalbidetuko duena", argitu dute udal ordezkariek ohar batean. Bestalde, zentroan kontsumitzen ez den uneetan gerta daitezkeen ekoizpen-soberakinak sare elektrikora injektatuko dira, gaineratu dutenez, eta udalaren faktura elektrikoan ere aurreztu egingo da.
Udalaren hurrengo proiektua Ibarretxe kultur etxearen energia-berrikuntza integrala da. Aurreikusi dute estalkia ordeztea, inguratzailea berritzea, eta eguzki-plakak eta aerotermia-plakak instalatzea, udal ordezkariek aurreratu dutenez.