Txileko 18 irakaslek Iurretako Maiztegi herri eskolako Ikas Komunitatea proiektua ezagutzeko aukera izan dute

Anboto 2023ko ots. 15a, 11:32

Txileko irakasleek eta Iurretako Maiztegiko ikas komunitateko kideak. (Argazkia: Maiztegi eskola)

Txileko unibertsitate bateko18 irakaslek Iurretako Maiztegi herri eskola bisitatu zuten joan zen otsailaren 2an. Maiztegi ikastetxeko Ikas Komunitatea proiektuan ezagutzeko aukera izan zuten. 

Ikastetxeen zuzendaritza eta kudeaketagaz lotutako graduondo bat egiten diharduen Txileko 18 irakaslek Bizkaiko zenbait ikastetxe bisitatu dituzte, Deustoko Unibertsitateagaz duten hitzarmen baten eskutik. Iurretako Maiztegi herri eskolara ere etorri ziren eta bertako Ikas komunitatea proiektua ezagutzeko aukera izan zuten. Astebeteko egonaldia egin dute irakasle txiletarrek.

Maiztegi ikastetxeko zuzendaria den Leire Onaindiak azaldu duen moduan, "munduan zabaldutako proiektua da Ikas Komunitatea. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako jarduera arrakastatsuek osatutako proiektua da, eta sarean jarduten dugu". Talde elkar eragileak, tertulia dialogikoak, familien partaidetza eta geletan familien boluntariotza bultzatzen dituzte, argitu duenez.

Irakasle txiletarrek Maiztegiko eskolaumeak gelako jardueretan ikusteko aukera izan zuten. Zenbait gurasoek ere hurbildu ziren zentrora egun horretan euren esperientzia azaltzeko. "Familiek, irakasleek, umeek... euren esperientzia azaltzeko aukera izan zuten", azaldu du zentroko zuzendariak. Bisita kafe-tertualia batekin amaitu zuten. Bertan ikastetxean ikusitakoaz hausnartzeko aukera izan zuten, Onaindiak gaineratu duenez. 

Bestalde, Maiztegi herri eskolaren Ametsa zein den ezagutzeko aukera izan zuten. 2021-2022 ikasturtean Maiztegiko eskola komunitate osoak Ametsa egin zuen. "Nolako kanpo espazioa gura dugun eta nolako eskola gura dugun galdetu genuen eta hainbat amets batu genituen. Batutako amets horiek bideratzeko lanetan dabil orain Maiztegi", nabarmendu du Onaindiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!