Eguneroko elementuen atzean dagoen zientzia ikusarazteko 'Zientzia kalean' erakusketa jarri dute Iurretan

Anboto 2023ko ots. 7a, 14:16

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea, Vega Asensio ilustratzaile zientifikoa, Zorione Fundazuri eta Pili Jimenez kultur ordezkariak

Euskaraz eta gazteleraz egindako 11 infografiez osatutako erakusketak egunerokoan erabiltzen diren hainbat objektuen atzean dagoen zientzia bistaratzea du helburu. 'Zientzia kalean' erakusketa Amilburu plazan egongo da ikusgai, otsailaren 21era bitartean.

Herritarrok gure egunerokoan erabiltzen eta kontsumitzen ditugun hainbat objektu eta produkturi buruzko azalpen zientifikoa ematen duen erakuskera ibiltaria jarri dute Iurretako Amilburu plazan.  Euskaraz eta gaztelaniaz egindako 11 infografien bitartez, mugikorraren, barra kodeen, txertoen, iturriko uraren edota sukaldeko plaken funtzionamenduaren inguruko azalpenak ematen dira. Baita jogurtaren, ogiaren, garagardoaren, hostoen edota fruituen konposizioaren ingurukoa azalpenak  ere.

'Zientzia kalean' erakusketa Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren egitasmoa da. Infografien erakusketa, bestalde, NorArte ilustrazio zientifikoko estudioak egin du, bi unibertsitateetako ikertzaileen aholkularitzagaz. Iazko ekainean hasi zuen bere ibilbidea eta Iurretara heldu aurretik, zazpi udalerritan egon da ikusgai. Vega Asensio ilustratzaile zientifikoak azaldu duen moduan, hainbat zientzilari eta ilustratzaile daude egitasmoaren atzean.

Ekintza osagarriak

Erakusketagaz batera, beste bi dibulgazio jarduera antolatu ditu Iurretako Udalak. Infografien edukia kontutan hartuta, 'Zientzia kalean' galdera-sorta erantzuteko aukera egongo da. Parte hartzaileek 11 galdera erantzun beharko dituzte, eta asmatu dutenen artean tokiko produktuen otzara bat egingo dute zotz. Online edo paperean bete daiteke galdetegia, eta beranduenez otsailaren 21ean aurkeztu behar dira erantzunak. Horrez gain, otsailaren 14an, bisita gidatu bi antolatu dituzte, 17:30ean (euskaraz) eta 18:30ean (gazteleraz). Bisita hauetan infografiak sortzen parte hartu duten lantaldeko kideek parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!