Iurretako Bidebarrieta kalean oinezkoentzako espazioa handituko dute

Anboto 2023ko ots. 6a, 12:45

Bidebarrieta kalea berrurbanitzeko aurreproiektua aurkeztu du Iurretako Udalak. Irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoentzako espazioak handitzea da helburua. 

Iurretako udal arduradunek Bidebarrieta kaleko berrurbanizo lanak azaldu dizkie herritarrei. Oinezkoentzako 1.100 metro koadro baino gehiago handitzea jasotzen du aurreproiektuak, eta, horretarako, gaur egun Bidebarrietan dauden aparkalekuak N-634 errepide nagusiare beste aldera lekualdatuko dira. Udalak 95 leku inguru izango dituen aparkalekua eraikitzea aurreikusi du. "Libre geratuko den espazioa egonaldietarako eta oinezkoentzako espazioak handitzeko balioko du", udal arduradunek aurreratu dutenez.

Horrela, Bidebarrieta kalearen lehenengo tramoa, Herritarren Arretarako Zerbitzua dagoen tarte horretaraino,  erdi-peatonala izango da, eta baimendutako ibilgailuek bakarrik izango dute sarbidea. Ordenantza bat idatziko da guzti hau arautzeko, gaineratu dute udal arduradunek.

Ibarretxe kultur etxean egindaklo aurkezpenean herritarrek azaldutako ekarpenak eta zalantzak jasoko dituztela adierazi dute udal arduradunek,  eta behin betiko proiektua idatziko dute. Lanak fase bitan gauzatzea aurreikusi udalak. Urte honen amaieran hasiko dira lanak, aparkalekua eraikiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!