Iurretak kale garbiketa zerbitzua eta saneamendu sarearen mantentze lanak indartuko ditu

Anboto 2023ko urt. 17a, 12:00

Iurretako Udalak urtean 311.000 euro bideratuko ditu kale garbiketa zerbitzua eta saneamendu-sarearen mantentze lanak hobetzeko. Lau urteko kontratua lizitatuko dute, zortzi urtera arte luzatu daitekeena. Apirilean aurreikusi dute zerbitzu berria martxan jartzea.

Iurretako Udalak kale garbiketa zerbitzua eta saneamendu-sarearen mantentze lanak hobetzeko kontratu berria lizitatuko du. Lau urteko kontratuta aterako dute lehiaketara, zortzi urtera luzatu daitekeena.

Orain arteko kontratuagaz alderatuta "nabarmen" hobetuko da zerbitzua udal arduradunek azaldu dutenez. Pertsona bat gehiago kontratatuko dute. Hartara,  lanaldi osoko bi langile beharrean hiru langile egongo  dira, eta aparteko egoeretan errefortzu handiagoa egongo da. Bestalde, zerbitzuaren makineria guztia berrituko dute. Kontratu berriarekin batera, espaloiak eta galtzadak garbitzeko makina berri bat jarriko dute, eta kutxa irekia eta hidrogarbigailua duen brigada-ibilgailu bat ere bai, biak %100 elektrikoak. Horrela, "kutsadura akustikoa eta atmosferara egindako emisioak ekiditeko".

Era berean, ibilgailuak eta materialak gordetzeko lokala hirigunetik kanpo kokatuko da, bizilagunei eragozpenik ez sortzeko. Aurrerantzean, urtean, 311.000 euro bideratuko dituzte kale garbiketa zerbitzua eta saneamendu-sarearen mantentze lanetarako. 

Maiztasuna handituko da

Garbiketa-maiztasuna handitu egingo da hiriguneetan, industrialdeetan, bidegorrietan eta aisialdirako guneetan. Gainera, jaiak, azokak eta ekitaldi publikoak direla-eta egiten diren aparteko garbiketak ere aurreikusi dituzte. Baita elurteak edo izozte handiak gertatzen direnean egiten diren jarduketak ere.

Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenaren berbetan, “Iurreta hazi egin da azken 10 urteotan urbanizatutako eremuei dagokienez, eta, beraz, oso beharrezkoa zen kontratua berritzea eta zabaltzea, gure kaleen garbiketa hobetzen jarraitzeko, bidegorri zainduak izateko, hau da, gure espazioen kalitate eta zaintzarako estandar altuari eusteko,eta, batez ere, ingurumen-gaietan arreta jartzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!