Iurretako Udalak hiru mendi erosi ditu Gallanda inguruan bertako espezieak landatzeko

Anboto 2023ko urt. 2a, 13:24

96.000 metro karratu erosita baso autoktonoak berreskuratu gura dituztela azaldu du udalak.

Iurretako Udalak hiru mendi erosi ditu Gallanda inguruan eta udalaren jabetzako mendiekin mugakide diren lursailetan. Prentsa oharrean azaldu dutenez,  96.000 metro karratu erosi dituzte guztira, bertako espezieak landatzeko. Lur horiek Udalak lehendik zituen 74.000 metro karratuei gehituko zaizkie.

Udalak oharrean gaineratu duenez, "horrela, udal-ondarea handitu egingo da, mendi horiek onura publikokoak izango baitira, eta jasangarritasun-irizpideen araberako kudeaketa eraginkorragoa ahalbidetuko dute espezie autoktonoekin erositako lursailak basoberrituz, Bizkaiko Foru Aldundiko mendi-zerbitzuarekin lankidetzan".

2021eko ekainean osoko bilkuran onartu zuten mozioa gogora ekarri du udalak. "Mozio horretan, hainbat jarduera egitea erabaki zen, espezie ez-autoktonoak dituzten eremuak espezie autoktonoen landaketa eremu bihurtu eta baso autoktonoak berreskuratzeko".

Horrekin batera, joan den apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretako inguru horretan bertan hainbat arbola landatu zituela nabarmendu du udalak: "3.063 haritz, 300 gaztainondo, 210 gorosti eta beste espezie batzuk landatu zituen. Elorri beltzak, gerezi basatiak edo elorri zuriak, 4.718 ale osatu arte, foru-titulartasuneko mendiak baso autoktonoak jarriz lehengoratzeko eta eukaliptoaren hedapena geldiarazteko neurrien artean".

Iñaki Totorikaguena Sarrionandia herriko alkateak dioenez, “espezie autoktonoa sustatzea da helburua, batez ere bizi dugun trantsizio klimatikoaren une honetan. Baso autoktonoak titulartasun publikoko mendietan hartzen duen baso-azalera handitzean, oreka ezin hobea lortzen dugu naturgune horien kontserbazioaren eta basogintza-sektorearen jarduera ekonomikoaren artean, modu iraunkorrean”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!