Iurretan VII. Lasterketa Familiarra egingo dute, domekan

Anboto 2022ko aza. 25a, 10:00

Azaroa, osasunaren hilabetea' lelopean bizimodu osasuntsua sustatzeko ekitaldi sorta antolatu dute Iurretan. VII. Lasterketa familiarra egingo dute, azaroaren 27an, eta, hilaren 29an, hitzaldia eskainiko du Gurutze Fradesek. Udaleko Gizarteko Ongizate eta Berdintasun Sailaren eskutik osatu dute egitaraua.

Azken urteetan finkatuz joan den hitzordua da azaroko lasterketa familiarra Iurretan. Oraingo honetan azaroaren 27an, domekan, izango da eta Iraia Garcia kirolaria ere bertan izango da. Etxeko txikienak izango dira lehenengoak arineketan egiten, 11:54ean. Horiek amaitzean gainontzeko korrikalariak abiatuko dira, 12:300ean. Herrigunean zehar izango dira bi ibilbideak, Askondon hasi eta amaituz. Arineketaldia amaituta zenbait luzaketa egiteko aukera izango dute korrikalariek. Ondoren, 13:30ean, luntxa egongo da.

Izena emateko Ibarretxe kultur etxera hurbildu daiteke, gizarte-ongizate@iurreta. eus helbide elektronikora idatzi edo 94 621 53 72 telefono zenbakira deitu.

Bestalde, azaroaren 29an, Ariketa fisikoa zure egunerokotasunaren parte gisa hitzaldia eskainiko du Gurutze Frades kirolari iurretarrak. Ibarretxe kultur etxean izango da, 19:00etan. Ondoren, omenaldia egingo zaio triatleta iurretarrari eta luntxa ere eskainiko da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!