Iurretak 1,3 milioi euro bideratuko ditu II. Irisgarritasun Plana garatzeko

Anboto 2021ko mai. 27a, 13:30

Iurretako Udalak II. Irisgarritasun Plana onartu zuen, atzo. 2005etik indarrean egon dena "berrikustea, aldatzea eta eguneratzea" du helburu dokumentu berriak, "herrian ingurune atsegin eta irisgarria sortzeko".  Datozen urteetan garatzeko plan horretara 1.319.000 euro bideratuko dituzte.

II. Irisgarritasun Planean aurrera begira garatu beharreko jarduerak antolatu eta planifikatuko dira, udal arduradunek azaldu dutenez. Apurka, ingurune irisgarriagoa lortzeko. Horretarako diagnostiko bat egingo da, eta, jarduera-proposamenen eta lehentasunen zerrenda bat osatuko da.

Irisgarritasun planak bide eta eraikin publikoak hartzen ditu. Bada, bide eta espazio publikoei dagokienez, 554.000 euroko aurrekontua duten jarduketak jasotzen dira, hiri-altzarietan, oinezkoentzako ibilbideetan eta espaloietan eragingo dutenak. Udal arduradunek gehitu dutenez, planean jasotako jarduera batzuk dagoeneko egin dira, hala nola Kultur-Etxetik eskola-eremura oinez joateko sarbidea.

Udal-eraikinei dagokienez, horiek guztiak udal-titulartasuna dutenak, bereziki eragin gura dute kanpotik sartzeko guneetan. Higiene- eta osasun-eremuetan ere bai.  Barne-orientazioa eta -informazioa ere landu gura dute. Horretan 765.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi du planak. Udal arduradunek gogoratu du hobekuntzak egin direla Maiztegiko sarbideetan eta ikastetxeko igogailuan bertan. Gaineratu dute aurten adinekoen etxerako jasotako jarduerak aurreikusi dira.

Aho batez onartu du irisgarritasun plan berria. Hala ere, EH Bilduk proiektuak gauzatzeko aurreikuspen falta azpimarratu du.  "Lehentasunak zehaztea, kronologia bat, bota dugu faltan", azaldu zuen Liher Aiartzaguenak. Iñaki Totorikagunea alkateak azaldu duenez, "ditugun baliabideen arabera joango gara proiektuak gauzatzen. Datarik ez dago zehaztuta, baina, urtero joango gara garatzen, ditugun baliabideak ikusita".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!