Iurretako ortu-ludikoak erabiltzeko bost urterako lagapen berria egiteko prozedura hasi dute

Anboto 2020ko aza. 5a, 11:53

Iturburuko ortu ludikoen lagapen-aldia amaituta, eta "lortutako arrakasta ikusita", Iurretako Udalak hurrengo bost urterako lagapen berria egiteko prozedura jarri du martxan. Eskabideak azaroaren 9tik 27ra bitartean (biak barne) egin beharko dira, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ). 

Iurretako Udalak ortu ludikoen proiektua martxan jarri zuela hamar urte beteko dira 2021an. Denbora guzti honetan, ia 100 erabiltzaile batu dira proiektura. "Udal aisialdiko ortuak jartzeagaz batera, helburua da lurra lantzeko eta bertatik fruitiak lortzeko espazio publiko bat jartzea iurretarren eskura, eta aisialdirako eta ongizaterako alternatiba bat izatea", udal arduradunek nabarmendu dutenez. 

Datorren astelehenean, azaroan 9an, zabalduko da eskaria egiteko epea, eta azaroaren 27ra bitartean mantenduko da. Udal arduradunek azaldu dutenez, lehentasuna izango dute aurreko aldian lurzatien erabiltzaile izan ez diren pertsonek (eta familia-unitate bereko kideek ere), eta dagokion dokumentazioa aurkeztu
beharko da. Gogorarazi dute, ortuen lagapena bost urterako izango dela (2021eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra), eta eskatzaileak sei orduko ikastaro bat egin beharko dutela. Baratzezaintza
ekologikoari buruzko oinarrizko nozioak eta instalazioak behar bezala erabiltzeko jarraitu
beharreko arauak erakutsiko  zaizkie bertan.

Instalazioen mantentze-lanetarako eta hala behar duten pertsonei aholkatzeko monitore bat egongo da ortu ludikoetan, eta erabiltzaile bakoitzak erabakiko du bere baratzeko labore mota (75 m2). Udalak erabiltzaileen eskura jarriko ditu beharrezko tresnak eta makinak. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, HAZera jo daiteke edo 94 620 12 00 telefono zenbakira deitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!