Herriko komertzio eta tabernetan kontsumitzeko 20 euroko bonoak jarri dituzte eskura Iurretan

Aitziber Basauri 2020ko ira. 7a, 16:38
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidentea.

Iurretako Udalak tokiko komertzioan eta ostalaritzan erabiltzeko 20 euroko balioa duten bonoak jarri ditu herritarren eskura, 10 euroan. Herritarren Arretarako Zerbitzuan daude eskura eta azaroaren 30era bitartean erabili daitezke, gaurtik hasita. Guztira, 2.000 bono jarri dituzte salgai.

Dendak Bai elkarteagaz elkarlanean jarri du martxan bono-kanpaina Iurretako Udalak, aurten, lehenengoz. Helburu bikoitza du ekimenak, Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez: "Herriko komertzioetan erostea sustatzen jarraitzea eta familiei laguntzea COVID 19 birusak eragindako kalteei aurre egiten ". Dendetan erosteko 20 euroko 1.000 bono kaleratu dituzte, beste horrenbeste ostalaritzan erabiltzeko. Herritarrek 10 euro ordainduko ditu, eta gainontzeko 10 euroak udalak jarriko ditu. "Hartara, 40.000 euro bideratuko dira merkataritza eta ostalaritza suspertzera", nabarmendu du Totorikaguenak. Dendari eta ostalariei 10 euro emango dizkie udalak bezeroengandik jasotako bonoen truke. Herritar bakoitzak lau bono eskuratu ditzake, merkatarutzan erabiltzeko bi eta ostalaritzan trukatzeko beste bi.

Aipatutako 20 euroko bonoak, zatituta emango dituzte: euro bateko bost bono, euro biko beste bost eta 5 euroko bat. Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidenteak argitu duenez, "horrela, erosketa desberdinak egiteko aukera bideratu gura da, denetariko komertzioetan erabili ahal izango dira bonoak". Kanpainagaz bat egin dute Iurretako 17 komertziok eta bost ostalarik. Bono-kanpainek duten garrantzia nabarmendu du Palaciosek. "Tokiko komertzio eta ostalaritzari laguntzeko oso garrantzitsua da egunerokoan bertan erostea. Gainera, merkatari eta ostalariei ez ezik herriko familiei ere laguntza zaie bono-kanpainen bitartez".

Uztailean 75.000 euro bideratu zituen Iurretako Udalak COVID19ak merkataritza eta ostalaritzan eragindako kalteak arintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!