Gehienez 20 minutuan aparkatzeko errotazio handiko bi gune sortuko dituzte Iurretan

Jone Guenetxea 2020ko uzt. 28a, 11:51

Irailaren 1ean jarriko da indarrean eta abuztua baliatuko dute aldaketak egiteko.

Iurretako Udalak aparkalekuari buruzko udal-ordenantzaren (TAO) aldaketa onartu du, hirigunean bizi diren bizilagunentzako aparkalekuak bermatzeko, eta, gainera, egoiliarrentzat ez diren aparkalekuak modu ordenatu eta orekatuan txandakatzeko neurriak ezarri ditu, betiere hirigunean dagoen lurzoru-eskasia kontuan hartuta. Horrela azaldu du Iurretako Udalak prentsa oharrean.

Onartutako aldaketak aparkalekuari buruzko udal-ordenantzaren (TAO) alderdi partzialak arautzen ditu. Berrikuntza nagusia da errotazio handiko bi berdegune sortzea, gehienez 20 minutuko aparkaldiarekin. Horiek igarota, ibilgailuak errotazio handiko eremutik alde egin beharko du, beste bat sartu ahal izateko. Gune horiek Bixente Kapanaga kalean egongo dira (1-7), Farmaziaren parean, eta Bidebarrieta 1ean, Correosen parean, 7 eta 6 aparkalekurekin, hurrenez hurren. "Txandakatze handi horri esker, gestio eta erosketa azkarrenak zailtasunik barik egin ahal izango dira, tokiko merkataritzari mesede eginez", azaldu du udalak.

Bestalde, errotazio urdineko gunea 15 plazarekin handituko da kultur etxetik hurbilen dagoen aparkalekuan, eta kultur etxeari berari zein herriguneari zerbitzua emango dio. Gainerakoa orain arteko leku berberetan mantenduko da, eta aparkalekuak gehienez ere ordu eta erdiko iraupena izango du. Gune horiek Maspe kalean, Askondon, eta Bidebarrietan (5etik 9ra) daude, 35 plazarekin, eta horiei gehitu behar zaizkie Ibarretxeren aipatutako 15 plazak, 50 txanda-plazatarako.

Txandakako eta txandakatze handiko guneen ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 9:00etatik 13:30era (jaiegunetan eta abuztuan izan ezik). Doakoak izango dira.

Egoiliarrentzako aparkalekua, laranja kolorekoa, Ibarretxe, Bidebarrieta, Maspe eta Zubiaurreko aparkalekuetan mantenduko da, 210 aparkalekurekin. Gune horretan, egoiliarren txartelarekin baimendutako ibilgailuak bakarrik aparkatu ahal izango dira, eta eguneko 24 orduetan egongo da indarrean, urteko egun guztietan (abuztuan izan ezik).

Gune horiez gain, aparkaleku libreko guneek jarraituko dute Paduretan (400 plaza) eta Bideondon(150 plaza).

Aldaketak irailaren 1ean egongo dira indarrean eta abuztua gune berriak margotzeko, seinaleak eta makinak jartzeko aprobetxatuko dute.

Hau da Iurretako aparkalekuari buruzko udal-ordenantzan 2015ean ezarri zenetik egiten den bigarren hobekuntza, eta Iñaki Totorikaguena alkateak adierazi duenez, "hobekuntzak iurretarren beharrak egokitzeko egin dira, eta helburuak, hasieratik hauek izan dira; alde batetik , hiriguneko egoiliarrei lehentasuna ematea; merkataritzari eta Iraupen gutxiko kudeaketei laguntzea; eta oinezkoentzako guneak eta egonlekuak zabaltzea, ibilgailuen trafikoak hirigunean duen eragina mugatuz.”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!