Batez ere, produktu, prozesu edo zerbitzuen arloetan ideia berriak ekarriko dituzten enpresa proiektuak sustatu gura ditu lehiaketak. Era berean aberastasuna eta enplegua sortzen lagunduko dutenak, edota Iurreta udalerriko merkataritza birgaituko dutenak, udal arduradunek azaldu dutenez. Proiektuek udalerriko errealitatea izan beharko dute gogoan eta herrigunera mugatu beharko dira.
Norberaren enpresa edo denda jarriz lanean hastea erabaki dutenei "bidea erraztu" gura die Iurretako Udalak. "Ideien lehiaketa honen helburua herrigunean espiritu ekintzailea sustatzea da, Iurretako merkataritzak, etorkizunean, bere inguruan garatuko diren ideia berritzaileak izan ditzan oinarri. Aurkeztutako proiektuek herriguneko baldintzekin bat datorren enpresa-errealitatea ekarriko duen ideia izango dute oinarri", gaineratu dutenez.
Lehiaketaren irabazleak 6.000 euro lortuko ditu. Obra eta jarduea lizentziak ematean laguntzaren %20 emango zaio, eta, proiektua gauzatzeko establezimendua irekitzeko lizentzia ematean, %50a. Gainerako %30a urtebeteko epean emango zaio.