500 herritarrek eta 27 elkartek egin dute bat Iurretako Abadetxea erabili ahal izateko eskariagaz

Aitziber Basauri 2020ko eka. 22a, 12:00

Zapatuan bertso saioa antolatu zuen Iurreta Plazaratuk, segurtasun neurriak zainduta

Iurreta Plazaratu ekimenak sinadura bilketa egin du Abadetxea herriko ekintza soziokulturaletarako erabiltzeko. Izan duen erantzunaren balorazioa "oso positiboa" egin dute. Gotzaindegira bidali dituzte sinadurak eta bertako ordezkariekin batzarra egiteko eskaria egin dute zuzenean, baita herriko parrokiaren bidez ere.

Badira urte bi herriko plazari bizia emateko asmoz Iurreta Plazaratu dinamika lanean hasi zela. Askotariko ekitaldiak garatu dituzte geroztik. Joan zen zapatuan antolatutako bertso saioa da lan horren azken adibidea. Saioak arrakasta eduki zuen antolatzaileek azaldu dutenez, eta jende ugari batu zen, segurtasun neurriak zainduta. Iurreta Plazaratu dinamikakoek azpimarratu dutenez, "egoera berezia izan arren, inportantea iruditzen zaigu plazari eta herriari bizia ematea, kultura zabaltzea, eta herri komunitatea sortzea".

Bertso saioan eman zituen konfinamenduaren aurretik hasitako sinadura bilketaren emaitzak Iurreta Plazaratuk. Guztira, 500 herritarrek sinatu dute Gotzaindegiari egindako eskaria. Argitu dutenez, 16 urtez gorakoak 482 izan dira eta hortik beherakoak 18. Bestalde, nabarmendu dute, 27 elkartek agertu dutela babesa, "ekimenari balio handia emanez". 

Sinadura bilketak izandako harreragaz "oso pozik" agertu da Iurreta Plazaratu dinakima eta eskerrak eman gura izan dizkie ekimenari babesa eman dioten herritar eta elkarteei. Gotzaindegitik erantzuna jasotzeko zain daude orain. "Ea laster dugun aukera Abadetxea herrira zabaltzeko eta ekintza soziokulturaletarako erabiltzeko".

Elkarte hauek eman diote babesa ekimenari:

  • Aitte San Migel jai batzordea
  • Amatzako jai batzordea
  • Amatzako trikitixa elkartea
  • Anderebide emakumeen elkartea
  • AP8 Peajerik ez plataforma
  • Bakixako jai batzordea
  • Betibizi abesbatza
  • Gazte asanblada
  • Gerediaga elkartea
  • Gerlari kirol kluba
  • Gertasport kirol kluba
  • HEKI herri kirol taldea
  • Iurretako Kirol Taldea
  • Iurretako Kofradien Batzordea
  • Iurretako Koroa
  • Iurretako Txirrindulari Elkartea
  • Iurretako pentsionisten mugimendua
  • JAED elkartea
  • Juan Orobiogoitia institutuko guraso elkartea
  • Kimuak aisialdi taldea
  • La Otra Mirada elkartea
  • Maiztegi eskolako guraso elkartea
  • Mikel Deuna dantza taldea
  • Oromiñoko jai batzordea
  • Rio de Oro Durangaldea elkartea
  • Olaburu pilota taldea
  • Zaldai mendi taldea
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!