Iurreta Durangotik desanexionatu zela 30 urte bete dira

Anboto 2020ko urt. 14a, 14:38

1989ko azaroaren 13an onetsi zen, Gernikako Juntetxean, Iurreta elizatea Durango udalerritik bereiztea. Erabaki horren ondorioak 1990eko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean, eta egun horretan ekin zion Iurretak bideari. Urteurrena gogoratuz adierazpen instituzionala egin du udalak."Herri gisa gure nortasuna berreskuratzera bultzatu gintuzten arrazoiak oraindik ere indarrean daude", azaldu dutenez, eta "bide horretan tinko" jarraitu gura dute. 

1990eko urtarrilaren 10ean, egin zen  lehenengo udal osoko bilkura San Migel Elizaren arkupean, eta orduan eratu zuten 1991. urteko udal hauteskundeetara arte udalerria kudeatzeaz arduratuko zen batzordea.

Herri gisa bidea hastera bultzatu zituzten arrazoiak oraindik indarrean daudela nabarmendu du udalak egindako adierazpen instituzionalean. "Herritarren beharrizanetatik hurbilago, interes orokorrak zintzotasunez, objektibotasunez eta austeritatez defendatzea; baliabide publikoak hobekiago kudeatzea, udalerrian modu bidezkoagoan eta zuzenagoan banatzeko; eta udalerri orekatua eta egituratua lortzea lurraldeari dagokionez, zerbitzu publikoak herritarrei gerturatuz, berdintasun eta elkartasunaren berme gisa". 

Etorkizunean "pauso sendoz aurrera egiteko", 30 urte hauetan ikasitakoa "baliogarria" izan behar dutela azaldu du udalak.  Hartara, "gainerakoekin lankidetzan, gure udalerria garatuz bere indargune guztiekin, pertsona guztiak integratuz, sentsibilitate politiko guztiekin eta herrian bizi diren kultura guztiekin hitz eginez, elkartasunez biziz eta gure herriaren geroa denon artean eraikiz", azaldu dutenez. Gaineratu dute, "autokonplazentzian gelditu gabe", lan handia dagoela egiteko. "Horixe izan behar da herri hau osatzen dugun pertsona orok egin behar dugun lana, eta, orain arte bezala, gure lana, esfortzua eta ilusioa eman behar dugu horretarako", agirian argitu dutenez. "Herritarrentzat Iurreta leku hobea izan dadin saiakera horretan gure aurretik izan direnen lana eta esfortzua aintzatetsi eta baloratu behar dugu"  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!