Langile batek ospitalean jarraitzen du Smurfiten gertatutako istripuaren ondorioz

Anboto 2019ko aza. 26a, 14:15

LAB sindikatuak azaldu duenez, gaur gauean gertatutako istripuan hiru langile intoxikatu dira. Horietako bik alta jaso dute eta beste batek ospitalean jarraitzen du.

Hiru langile Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dituzte pasa den gauean, Iurretako Smurfit enpresan gertatutako istripuaren ondorioz. Horietako langile batek konortea galdu zuen. LABek prentsa oharrean azaldu duenez, langile honek ospitalean jarraituko du datozen orduetan, obserbazioan; beste bi langileei alta eman diete.

LAB sindikatuak salatu duenez, "intoxikatutako hiru lagunetatik bakarra da enpresako langilea, beste biak azpikontratatuak baitaude". Sindikatuak publiko egin duenez, azido sulfamikoarekin kutsatu dira, begietan eta azalean narrikortasuna eragin ohi duen azido batekin; begien kasuan, narrikortasuna larria izan daiteke.

LABek dioenez, babes maskara, begietarako babes pantaila, arropa egokia eta eskularruak beharrezkoak dira azido honekin lan eginez gero, eta beste zenbait segurtasun neurri bermatu ere; aireaztapen egokia, tartean. "Formazio falta egoten da halako istripuen jatorrian, eta, kasu honetan, arrazoia hori izan daitekeelakoan gaude. Segurtasun neurriak eta protokoloa behar bezala jarraituz gero, halako istripuak ezingo lirateke inoiz gertatu, saihestu daitezke erabat. Hortaz, ikerketa egin dezaten eta enpresak bere ardura har dezan exijitzen dugu. LAB sindikatuak ez du lan istripu bakar bat bera ere pasatzen utziko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!