Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, 2020rako udal tasak eta zergak eguneratu egin gura izan ditu Gobernu Taldeak, "udalaren eskumenak eta ematen dituen zerbitzuak gauzatzeko diru-sarrera nahikoa dagoela bermatzeko". Argitu duenez, "gastuen zenbatekoa eta zerbitzu publikoen kostua %6 igo da azken urteotan. Udalak, aldiz, zergak ez ditu neurri berean igo, oreka-printzipioa arriskuan jarri daitekeelarik". EH Bilduren ustez, "txoke handia" izan daiteke %1,5eko igoera orokorra. Bide horretan, igoera hori modu mailakatuan egitea proposatu dute. "Ez dugu egoera onena bizi eta familien ahalegin bat eskatzen du igoera horri aurre egitea".
Ondasun Higiezinen Zergan ere jaso dira aldaketak. Besteak beste, EH Bilduk proposatuta, %25eko gainkargua gehituko da zerga sortzen den unean hutsik dauden etxebizitzetarako. Horrez gain, merkataritzari aplikatutako tasa %15 murriztuko da, "merkataritza-jarduerarako pizgarria" izan daitekeelakoan. Aldiz, idustriagaz lotutako tasa %15 igongo da.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari buruzko ordenantzan, bestalde, %75era igoko da hobaria %100ean elektrikoak diren ibilgailuetan edo eguzki-energiaren bitartez dabiltza ibilgailuetan. Gainontzekoan hobaria %50 izaten jarraituko du. Era berean, EH Bilduk proposatuta, zerga biderkatzailea 1,8ra arte handitu da zaldi- indar fiskalen azken hiru tarteetan.