Herri lasterketa familiarra egingo dute Iurretan, bosgarrenez

Anboto 2019ko ira. 9a, 19:41
Herri lasterketaren aurkezpena egin dute, gaur, antolatzaileek

Berdintasuna, elkartasuna eta kirola sustatu gura dituen V.  Herri Lasterketa Familiarra egingo dute, domekan, Iurretako kaleetan zehar. Ume, gazte eta helduak, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.

Herri lasterketa goizean egingo da, eta txikienak izango dira lehenak korrika egiten, 11:00etan. Handik ordu erdira helduen txanda izango da. Adinari egokitutako hiru lasterketa antolatu dituzte umeentzat. Helduek, berriz, aukera izango dute lasterketa luzeagoa edo laburragoa egiteko. Azkenik, 12:30ean, umeentzako motor lasterketa ere egingo da. Ibarretxe kultur etxean eman daiteke izena irailaren 12ra bitartean, edo e-maila bidali. Hala ere, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera.

Lasterketak amaituta lau urtetik 14 urtera bitarteko neska-mutilek herri-kirolak egiteko aukera izango dute HEKI elkartearen eskutik.

Partaideei dortsal bat emango zaie euro baten truke, eta batutako diru hori La Otra Mirada elkarteak Senegalen garatu gura duen proiektu bati laguntzeko erabiliko da: ama berrien atal bat sortu gura dute. Horretara bideratuko da ere pintxo solidarioen bitartez batu gura duten dirua. La Otra Mirada elkarteak errifa soilidarioa ere egingo du, 13:30ean. Gobernuz kanpoko elkarteak hirugarren urtez parte hartuko du herri lasterketa familiarrean.

Berdintasunaren alde

Sanmigel jaien atarian egingo den lasterketak parekidetasuna bultzatzea ere badu helburu. Horregaitik Beldur Barik gunea ere jarriko dute, 10:00etatik 14:00etara bitartean Askondon. Anderebide elkarteak dinamizatuta photocall-a ipiniko dute eta Eraso sexistarik gabeko jaiak. Lortu ditzagun lelopean informazioa banatuko dute. Jaietan eraso sexisten kontrako protokoloa jarriko dute martxan, Iurretako Udalak, Anderebidek eta Jai Batzordeak, "eraso baten aurrean erantzun koordinatu bat emateko", Itxaso Garamendi zinegotziak azaldu duenez.  Eraso baten aurrean deitu ahal izateko telefono zenbaki bat egongo da eta zenbaki horrregaz pultserak banatuko dituzte, aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!