“Dena ipini dugu enpresa aurrera ateratzeko, eta ez digute utzi”

Aitziber Basauri 2019ko uzt. 12a, 09:30

Epaileak Odi Bakar enpresaren likidazio plana onartu zuen ekainean. Ondorioz, bertako 36 langileak langabezian daude joan zen ekainaren 27tik. Odi Bakar enpresagaz lan harremana eten den arren, langileek argi dute urteetan iraun duen gatazka ez dela amaitu. Eta gertutik jarraituko dute likidazio plana nola gauzatzen den. Izan ere, Odi Bakarrek 20.000 euro zor dizkio langile bakoitzari, batez beste. ANBOTOk Xabi Rojo Odi Bakarreko beharin ohiagaz eta LABeko ordezkariagaz hitz egin du. 

Likidazio planak dirauen bitartean, langileen borroka ez da amaituko?
Odi Bakarregaz izandako harreman laborala amaitu da. Langabezian gaude. Baina Odi Bakarrek zorra du gugaz. Hartzekodun lez borrokan jarraituko dugu, likidazio plana nola egiten den gertutik begiratuta. Enpresa aurrera eroaten ahalegindu gara. Ez dugu lortu, baina ez dugu onartuko inork gureak diren makinak lau sosengatik erostea, dirua lortzeko. Ahal dugun neurrian gainean egongo gara, ez bakarrik diruagatik, urteetako gure ahalegina hor dagoelako baino, ziria sartu digutelako. 

Engainatuta sentitu zarete?
Engainatu egin gaituzte. 2017ko urrian enpresa konkurtsoan sartu zenetik urtarrilera arte, gerentziak behin eta berriro esan digu enpresa erosiko zuela. Konkurtso egoeratik irtetea zaila da eta egoera horretan dagoen enpresa bat erosteak gastu gehigarriak ditu: gizarte segurantzagaz zorrak, langileekin zorrak... Dudak genituen, baina beti esan digute enpresa erosiko zutela. 

Eta ez da horrela izan.
Ez. Urtarrilera arte eutsi egin diogu lanpostua mantentzeko borrokari,  soldatetan hainbat gorabehera izanda. Tartean, 2018ko ekainean, 15 langile kaleratu zituzten.

Urtarrilean, konkurtso-administratzaileak enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen lan taldearentzat.
Bai. Orduan konturatu ginen esan ziguten guztia gezurra zela. Euren asmoa enpresa hiltzen uztea zela ikusi genuen. Horren aurrean, otsailean, inbertsore bila hasi ginen. Eskaintza ekonomiko bat egiteko prest zegoen inbertsore bat ere aurkitu genuen, Iurretako lantokia erosteko prest zegoena. Epaileari deitu genion horren berri emateko, eta batzartzeko eskatu genion, egoera azaltzeko. Ekainaren 12rako lotu genuen batzarra. Baina jarri eta segituan, EREa sinatu zuela esan zigun epaileak, eta produkzio-unitaterik existitzen ez zenez, inork ezin zuela erosi; enpresa zatika erosi behar zela. Lortzeko zorian egon gara, baina konkurtso-administratzaileak ez du batere interesik izan enpresa aurrera eroateko. Ezta epaileak ere.

Berreskuratuko duzue zor dizuena?
Ez. Fogasatik kaleratzeagatik indemnizazioa kobratuko dugu, legeari dagokiona. Enpresak duen zorra hor gelditu da. Bestalde, konkurtsoan sartu ginenetik kaleratu arte sortutako zorra likidazio planetik ateratzen denaren arabera jasoko dugu. Baina, hori aztertuta, ez dela ezer aterako uste dugu. Dena dago lotuta, eta, zerbait jasotzekotan, oso gutxi izango da. Odi Bakar urteetan zabalik egon bada, langileok kobratu ez dugulako izan da. Oso gutxi berreskuratuko dugula jakin arren, ziria sartu digutenek ez dezatela behintzat dirurik eroan.

Luze joan den prozesua izan da.
Krisi luzeak gogor kolpatu zuen Odi Bakar. Urte batzuk lehenago produktua errentagarriago egitea lortu genuen arren, 2016ko urte amaieran ez zegoen dirurik kutxan, eta arazoak sortu ziren hornitzaileei ordaintzeko. 2017an, bankuek kreditua moztu ziguten eta geratutako apurra hornitzaileei ordaintzeko erabili zen. Orduan, soldata ez kobratzen hasi ginen. Dena askoz ere arinago joango zela uste zuen gerentziak, etsi egingo genuela. Baina  borrokan egon gara azken unera arte, eta jarraituko dugu. Dena ipini dugu enpresa aurrera ateratzeko, eta ez digute utzi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!