Odi Bakarreko 36 langileak kaleratu egin dituzte, epaileak likidazio plana onartu ondoren

Aitziber Basauri 2019ko uzt. 9a, 13:59

Odi Bakarren beharrean egon diren 36 langileak langabezian daude ekainaren 27az geroztik. Likidazio planak dirauen artean borrokan jarraituko dutela azaldu du Xabi Rojok, enpresako behargin eta LABeko ordezkari izan denak. Izan ere, behargin bakoitzari 20.000 euro inguru zor dizkiete.

LABeko ordezkariak salatu du "engainatu" egin dituztela. "Odi Bakarreko gerentziak hasieratik esan izan digu enpresa erosteko asmoa zuela, eta gure lanpostuak mantentzeko lanean jarraitu dugu. Borrokan jarraitu egin dugu azken momentura arte. Baina, ez da horrela izan, ez dute enpresa erosi. Aurtengo urtarrilera arte ziurtatu digute gerentziatik enpresa erosteko asmoa zegoela", azaldu du Rojok.

Lan-talde osoarentzat enplegu-erregulazioko espedientea (ERE) aurkeztu zuen administradore konkurtsalak urtarrilean. "Orduan ikusi genuen dena gezurra izan dela", dio Rojok. "Asmoa zein zen ikusi genuen: enpresa hiltzen uztea. Ikusi dugu enpresa aurrera ateratzeko inolako interesik ez dela egon". Egoera horren aurrean, otsailean, enpresa aurrera ateratzeko inbertsiogileak topatzen hasi ziren langileak. "Iurretako lantokia erosteko prest zegoen pertsona bat aurkitu genuen, eta epaileagaz batzar bat eskatu genuen, egoera azaltzeko. Baina, batzar horretan esan zigun EREa sinatuta zuela, eta norbait enpresa erosteko prest bazegoen piezaka eros zezala. Ez administradore konkurtsalak ez epaileak ez dute inolako interesik izan enpresak aurrera egin zezan", uste du LABeko kideak. "Gure egoera latza da, baina azken momentura arte eutsi diogu, gure duintasunari eutsi diogu. Langileok dena jarri dugu enpresak aurrera egin dezan", esan du Rojok.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!