Odi Bakar enpresa itxita 36 langile kalean geldituko direla salatu du LABek

Jone Guenetxea 2019ko ots. 13a, 15:01

Urtarrilean enpresak likidazio eskaera eta lantalde osorako kaleratze espediente bat tartekatu zituela azaldu du LAB sindikatuak. Gaur, negoziazioaren lehenengo bilera egin dute.

Odi Bakarreko Zuzendaritzak enpresa ixtea erabaki du, konkurtsoan urte bat baino gehiago egon ondoren, LAB sindikatuak prentsa oharrean dioenez. Ekainaren 21ean 15 langile kaleratu zituztela gogoratu du sindikatuak.

LABek dioenez, "administradore konkurtsalak konkurtso egoeran zehar etengabe errepikatu eta baieztatu du enpresaren etorkizuna ez zegoela kolokan, azkenekoz abenduan". Hala ere, urtarrilean likidazio eskaera eta langile guztientzako kaleratze espediente bat tartekatu dutela azaldu du sindikatuak. Gaur, negoziazioaren lehenengo bilera egin dute. "36 langile ari dira momentu honetan Odi Bakarren lanean. 36 langile engainatuak izan dira. Konkurtsoan eta konkurtsora sartu baino arinagoko zorra 20.000 eurotakoa da batazbeste langile bakoitzarekin".

LABek dioenez, enpresa hau bideragarria izan daiteke, baina horretarako inbertsoreak behar dituztela azpimarratu dute. "Lantaldeak argi dauka, ez dira etsituak sentitzen, aurrera jarraituko dute. Beharrezkoak diren pausu guztiak emango dituzte, Odi Bakar itxi ez dadin". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!