Modu horretan, euskararen erabilera normalizatzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako VI. Plangintzagaz (2019-2022) bat egin dute. Euskaraz eta gazteleraz, bi hizkuntza ofizialetan, “normaltasunez lan egiten duen” administrazioa lortzea da helburua.
Esparru guztietan euskara zerbitzu-hizkuntza izan dadin eta euskararen idatzizko erabilera areagotu dadin lan egingo da. Era berean, ahoz zein idatziz euskara lan hizkuntza izatea ahalbidetzeko prestakuntza eskainiko zaie udaletxeko langileei, “modu progresiboan eta etengabe”. Ahoz zein idatziz, eta bideragarri den guztitan, administrazioekiko harreman hizkuntza euskara izan dadin ere lan egingo dute, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez.
2016ko erroldatu datuen arabera, Iurretako Udalari dagokion derrigortasun indizea %59,53 da. Hau da, administrazioarengana hurbiltzen denari euskaraz eskaini behar zaio zerbitzua, ahoz zein idatziz, eta horretarako, jendaurreko, gizarte-mailako eta izaera orokorreko administrazio-atal elebidunak ezarriko dira. Gaur egun, dagokiona baino derrigortasun-indize altuagoa betetzen duela esan du Totorikaguenak: %83.