"Euskaraldia jolas bat da, eta horregatik hartu dut parte hartzeko erabakia”

Markel Onaindia 2018ko aza. 16a, 09:19

2003an etorri zen Euskal Herrira Cecilia Paganini, Buenos Airestik (Argentina). Belarriprest izango da.

Lau urtez Bilbon bizi izan nintzen, eta euskara ikasten hasi arren desmotibatu egin nintzen, inork ez zuelako berba egiten. Hona etortzean, berriro ikasten hasi nintzen, baina haurdun geratu nintzen eta ikasketa konplikatu egin zitzaidan apur bat. Gero, umeekin lexiko asko neureganatu nuen. Hizkuntza Eskolara joaten hasi nintzen,  baina etxerako lanek eta azterketek nazkatu egin ninduten. Nik lagunekin berba egin gura nuen. Badakit pauso gehiago emateko gogotik egin beharko dudala lan; akaso umeak apur bat heltzen direnean. Hala ere, ez naiz oso lotsatia, eta parte hartzen dudan taldeetan euskaraz berba egiteko eskatzen diet besteei. Gero eta gehiago ulertzen ditut taldeko elkarrizketak.
Euskaraldia jolas bat da, eta horregatik hartu dut parte hartzeko erabakia. Hemen bizi naizenetik, euskara bultzatzeko ezagutu dudan ideiarik onenetariko bat da. Jolas bat da, ez dago onik eta txarrik, eta hamaika egun dira. Badira hileak jolasten nabilela, Euskaraldiaren berri izan nuenetik; eskolako gurasoei ere esaten diet ni belarriprest naizela eta niri euskaraz egiteko. Kosta egiten zaie, baina irribarre egiten dute. Irakasle batek ere esan zidan behin, lehen berba euskaraz berba egiteko, besteak interesa duzula ulertu dezan. Uste dut nahasketa ona dela. Buenos Airesen australiar bategaz eta belgikar bategaz bizi nintzen, eta gure etxean ahal zen bezala berba egiten zen. Azkenean beti ikasten duzu, eta garrantzitsuena elkar ulertzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!