Ekologiko lez izendatutako ibilgailuek %50eko hobaria izango dute Iurretan

Aitziber Basauri 2018ko urr. 30a, 12:20

Laugarren urtez, bere horretan utziko dituzte zerga eta tasak Iurretan. Aldaketa bi baino ez dira egongo 2019ari begira: ibilgailu ekologikoei dagokion hobarian eta egoiliar txartelaren ordainketan gertatuko dira aldaketak. Aho batez onartu dituzte 2019ko zerga eta tasak, gaur goizean.

Ibilgailuengaineko zergan, %50eko hobaria izango dute ekologiko lez izendatutako ibilgailuek: bai ibilgailu elektrikoek bai propultsio-motor hibridoa dutenek,  energia elektrikoa eta erregaia konbinatzen dutenek.   

Bestetik, trafiko eta aparkamenduaren ordenamenduagaz lotuta, egoiliar txartelaren alta edo baja urtearen barruan ematen bada, kuotaren zenbatekoa urteko hilabeteen arabera proportzionalki banatuko da. Orain arte, kuota osoa ordaindu izan da alta ematean.

"Momentuz aukera dugu presio fiskal horri eusteko eta ez dugu zerga eta tasak igotzeko premiarik ikusten", azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!