Herria ezagutzeko aukera ematen duten ibilbide bi prestatu dituzte

Anboto 2018ko urr. 24a, 13:30
Jone Miren Gil, Erlantz Zaldunbide eta Iñaki Totorikaguena

Herrian dauden oinezko ibilbideak oinarri moduan hartuta, aisialdi aktiboa sustatu gura duten seinaleztatutako bi ibilbide aurkeztu ditu Iurretako Udalak: herriaren iparraldetik doa bata eta hegoaldetik bestea. Ibilbideok ezagutarazteko, biiak lotzen dituen zazpi kilometroko ibilbidea egiteko hitzordua ere lotu dute domekarako. Aita San Migel plazan elkartuko dira, 10:00etan.

Orbela enpresak diseinatu du 'Iurreta Oinez' izena duen proiektu hau, eta horretarako Iurretako Zaldai mendi taldearen laguntza izan du. Aita San Migel plazan hasi eta amaitzen diren ibilbide zirkularrak dira biak, eta ibilbide laburragoa egiteko aukera eskaintzen dute . Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "ibilbide seguru eta atseginak erabilita mendi-ibiliak egitea sustatzea da helburua, eta jarduera fisikoaren onurak kontutan hartuz portaera osasungarriak bultzatzea. Aldi berean, naturarekiko errespetuaren alde lan egin gura dugu".30.000 euroko aurrekontua izan du proiektu honekm, eta urte bian garatu dute.

Herriaren iparraldetik doan ibilbideak 21,3 kilometro ditu. Laixiarrerainoko bidea egiteko aukera ematen du, Azkorra eta San Marko auzotik pasatu ondoren. Bide hau hartzen dutenek Azkorratik egingo dute berriz ere Aita San Migel plzarainoko buelta. Ibilbide honen saihesbide laburrak, 15,6 kilometro ditu eta Oromiñora arteko buelta egiteko aukera ematen du. Hegoaldeko ibilbidea laburragoa da, 17,3 kilometrokoa. Orozketatik Landaederra eta Santa Luziara arteko bidea egiten dut horrek. Hegoaldeko saihesbide laburra (7,4 kilometrokoa), bestalde, Beresi eta Santa Apoloniatik doa.

Zailtasun handirik gabeko ibilbideak

Zaldai mendi taldeko Erlantz Zaldubideren berbetan, "herriari zentzua ematen dioten ibilbideak dira, leku eta inguru garrantzitsuenak batzen dituztenak". Iurreta ezagutzeko ibilbide "logiko" eta "politak" dira, zailtasun handirik ez dutenak. Bizikletaz ere egin daitezke.

Orbelako Jone Miren Gilek nabarmendu du Durangaldetik pasatzen diren ibilbide luze biekin —GR 38, Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea, eta, GR 229, Mikeldi ibilbidea— bat egiteko aukera ematen dutela Iurretako ibilbide hauek. Ibilbideak seinaleztatzeko 64 direkzio-adierazle jarri dira 25 puntutan, lau argibide-taula, eta, 40 kilometrotan hainbat seinale margotu dira, borobil moreak margotu dira. Horrez gain, 3.000 mapa buzoneatuko dira eta gura duenak deskargatzeko lau track eskegi dituzte webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!