Juan Orobiogoitia gogoratuko dute Iurretan, bere jaiotzaren 300. urteurrenean

Aitziber Basauri 2018ko ira. 4a, 12:02

Iurretako Orobiogoitia baserrian, Juan Orobiogoitia (1718-1794) jaio zela 300 urte beteko dira datorren irailaren 13an eta hura gogoratzeko ekitaldiak antolatu ditu Gerediaga elkarteak Iurretako Udalaren eta Juan Orobiogoitia ikastetxearen laguntzagaz. Orobiogoitiari zor zaio 1801ean sortutako Iurretako lehen letren eskola, "sasoirako aurrerakoiak ziren irizpideekin" zabaldutakoa. Izan ere, gazte joan zen Orobiogoitia Limara (Peru) eta han egindako diruaren zati bat —Peruko 4.000 peso— Iurretan irakaskuntza hobetzeko erabili zuen.

Perun egingo dute lehenengo ekitaldia, irailaren 9an, eta horretarako Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritza izango dute bidelagun. Ekitaldi xumea egingo dute Limako San Francisco komentuko Euskal Nazioaren kaperan. Bertan dago lurperatuta Juan Orobiogoitia eta lore eskaintza egingo dute Ander Añibarro Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak eta Itziar Irazabal Gerediaga elkarteko kideak. Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako delegazio bat Perura joango da hainbat kooperazio proiektu bisitatzera, tartean eskolak ere bai, eta bidai hori aprobetxatuta antolatu dute ekitaldia.

Irailaren 13an Iurretan antolatu dituzte hainbat ekitaldi. Herriko gaztetxoentzako egurrezko jolasak jarriko dira Olaburu pilotalekuan, 17:00etatik aurrera, eta, 19:00etan, berbaldia eskainiko du Xabier Lamikiz EHUko irakasleak. Juan Orobiogoitiari buruz eta Perun finkatutako euskaldunei buruz jardungo du udaletxeko batzar aretoan. Aurretik, Orobiogoitia gogoratzeko eskola zaharra eraiki zuten lekuan jarritako haritzaren aurrean dantzan egingo dute.

Biografia

1718ko irailaren 13an jaio zen Oromiñon. 11 urterekin umezurtz gelditu zen eta gazte zela Peruko Ciudad de los Reyes (gaur egun Lima) herrira joan zen. Merkataria zen ogibidez eta Limako kontsulatuko epaitegiko kontseilaria izan zen. Baita “Hermandad de los Caballeros Hijosdalgos de la Nacion Vascongada”ko kidea ere bai. 1794ko irailaren 9an, 76 urterekin hil zen. Oinordekorik ez zuen izan, ezkondu ere ez zen egin. Bere testamentuan agintzen zuen bezala Limako San Francisco komentuan lurperatu zuten, Arantzazuko Amaren ohorez eraikitako Euskal Nazioko kaperako sotoan. Lima eta Iurreta sorterriko erakunde eta tokietarako funtsak utzi zituen.

Lehen Letren Eskola, eskola zaharra, 1972ra arte egin zen Iurretako plazan. Urte horretan, Espainiako Hezkuntza Ministeritzak eraikin berria egin zuen eta Arzobispo Lauzirica izena jarri zioten. 1997an, berriz, Iurretako Udalak eskolei izena aldatzea erabaki zuen Juan Orobiogoitiaren omenez. Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntza zentruak Maiztegi herri eskola  du izena, eta DBH eta Batxilergoa batzen dituen ikastetxeak Juan Orobiogoitia Institutua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!