Imanol Pradales: "Orain arte errepidea izan dena kale bihurtuko dugu"

Jone Guenetxea 2018ko uzt. 23a, 12:31

Iurretako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak N-634 errepidea eraldatzeko hitzarmena sinatu dute. 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek lankidetzan. Bi biribilgune eta bost zebrabide eraikiko dituzte. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidesarea planaren barruan kokatzen da Iurretako N-634 errepidearen eraldaketa. Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak azaldu duenez, "orain arte errepidea izan dena kale bihurtuko dugu". Horretarako, bi biribilgune, eta bost zebrabide eraikiko dituzte. Era berean, bidegorria ere aurreikusi dute. Semaforoak ere jarriko dituzte, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak 634.460 euro inbertituko ditu, eta Iurretako Udalak, 922.505 euro (guztira 1,6 milioi euro). 

Obrak 2019ko hasieran martxan jartzea da asmoa, Pradalesek aurreratu duenez. 7-8 hilabete beharko dituzte  lanak amaitzeko. N-634 errepidearen berrantolaketa gauzatzen denean, 700 metroko zatian 50 kilometro orduko abiadura ezarriko dute. Ibilgailu askok doakoa den A-8ko Iurreta Gerediaga errepidea erabiltzea dute helburu.

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak ere egitasmoaren garrantzia nabarmendu du: "Herriaren etorkizunerako premiazkoa den obra da hau. Gaur egun daukagun bidea eraldatzerakoan trintxera bat kenduko dugu herria egituratuko duen bidea sortuz". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!